Maitane ALDANONDO
Iruñea

Txantreako gazteen lan aukerak pizteko kooperatiba

Auzoko gazte mugimendua Gakoa gazte kooperatibaren sortze lanetan murgilduta dabil. Bizilagunek auzoari begira abiarazi nahi dituzten negozioen aterpe izan nahi du egitasmoak. Gauzatzeko dirua behar dute, ordea, eta biltzeko bideak lantzen hasi dira.

Iruñeko Txantrea auzoko gazte mugimenduak kooperatiba bat sortzea erabaki du, aukera izan dezaten auzotarrek auzoarentzako proiektuak garatzeko haren barruan. Hilabete hasieran aurkeztu zuten egitasmoa eta hura gauzatzeko lehen eginbeharrekin ari dira. Ondo bidean, ekainerako eratuko dute aspaldiko kezka bati erantzuna den Gakoa kooperatiba.

2012an mugimenduak auzoko gazteen egoera aztertu zuen, 15 eta 35 urte arteko 350 gazteri elkarrizketa eginez. «Bakoitzaren kezkak eta nahiak atera genituen», gogoratu du kooperatibaren sustatzaileetako bat den Miren Leuzak. Datuekin diagnosia egin zuten eta, besteak beste, lanaren inguruan kezka handia zegoela ikusi zuten. Horiek horrela, esparru horretan jarduteko taldetxoa osatu zuten eta hainbat kanpaina egin dituzte urteotan. Lau kide ari dira egun buru-belarri alor horretan eta iaz kooperatibaren ideia bururatu zitzaien.

Eredu propio baten inguruan antolatu duten kooperatibak bi helburu nagusi ditu. Batetik, «ahal den heinean egungo sistema kapitalista heteropatriarkaletik at geldituko den lan eredua»; bestetik, arlo guztietako proiektuak garatzeko baliabideak eskaintzeko tresna izatea. Horren bidez, euren balioak barneratzen dituen lan mota sortu nahi dutela zehaztu du kideak. «Giro euskaldunean sortu nahi dugu proiektu oro. Kooperatibista izateko euskalduna izan behar duzu edo behintzat euskara ikasten aritu. Badakigu horrekin jendea galtzen dugula, baina hasieratik esan dugu balio batzuen gainean eraikiko genuela. Parekidetasuna, berdintasuna, ekologia...».

Negozio guztiak enpresaren baitan egikarituko dituzte. Ez dute irabazi asmorik, beraz, etekinak enpresan berrinbertituko dituzte, egitasmo berriak finantzatu, piztu edo bultzatzeko. Hau da, «hilean edo urtean ditugun gastu guztiak eta langileen soldatak ordainduta sobera dagoen guztia kooperatibarentzat izango da. Gerta daitekeen edozein arazotarako edo beste proiektu batzuk sortzeko», argitu du gazteak. Edonork proposa dezake ideia bat, eta batzarrean aukeratuko dute zein landu. Jada garatu dute lehena, Txantreako identitatearen ikur izatea nahi duten Ama-Gi artisau garagardoa, eta beste proposamen batzuk aztertzen ari dira: gimnasio herrikoia, serigrafia eskolak, haur ludoteka… Esku artean dute taberna bat irekitzea ere. Inguruan itxitakoek gazteak elkartzeko toki faltan utzi dituela ohartu ziren eta udalak auzoari eman dion salestarren eraikinean kokatu nahi dute.

Dirua biltzeko dinamikak

Hilabete hasieran aurkeztu zuten Gakoa auzoan eta «interesa eta ilusioa» piztu duela nabaritu dute. Apirilaren 8rako prest izango dituzte estatutuak, baina uda arte ez dute espero kooperatiba legalki eratzerik. Izan ere, Identifikazio Fiskaleko Kodea lortzeko, 1.500 euro eduki behar baitituzte. Hori biltzeko, hainbat dinamika abiarazi dituzte. Batetik, kontu korronte bat dute, nahi duenak ekarpenak egin ditzan –ES03 3035 0093 1209 3003 7529–; bestetik, itsulapikoak jarri dituzte auzoko hainbat tabernatan eta kamisetak salduko dituzte. Halaber, crowdfunding kanpaina egiteko eskaera luzatu diote Goteo plataformari. Leuzak argitu duenez, itxaron zerrendan daude, beraz, nahi baino motelago doa prozesua. 4.500 euroko kopurua zehaztuko dute gutxieneko gisa. Horrekin aurreikusi dute eratze gastuez gain, garagardoaren lehen tiradarako 2.000 euroak eta taberna atontzeko lanak ordaintzea.

Asko ikasten ari dira elkartea sortzeak dakarren egitekoen inguruan, bereziki, legeari dagokionez. Hainbat erakunderen aholkua jaso dute eta baliagarri izan dakizkiekeen diru laguntzen berri ere bai. Adibidetzat hartu dituzte antzeko egitasmo batzuk –Cooperativa Integral Catalana edo Olatukoop kasu– eta Lizarrako gazte kooperatibaren nahiz Katakrak-eko kideen laguntza ere izan dute. Haiek eurentzat izan diren moduan, beste auzoetako eta herrietako gazteentzat Gakoa eredu izatea nahi dute. Izan ere, kultura kooperatibista sustatu nahi dute, auzoko jarduera guztiak elkartean bateratu arte. Leuzaren hitzetan, «uste dugu kooperatibismoa kudeatzeko modu egokia dela, guztiak maila berean egonda».

Ildo horretatik, asanbladan eta aho batez hartuko dituzte erabakiak, muturreko egoeretara mugatuz bozkatzea. Modua zehazteko dute, baina deliberazioetan kooperatibistek nahiz langileek parte hartuko dute. Horrez gain, langile guztien baldintzak berberak izango dira; besteak beste, orduko soldata bera izango dute, kontuan hartu gabe zein proiektutan ari diren edo kooperatibista diren. Gainera, muga jarriko dute lanorduei dagokienez. «Gure ereduan ez du zentzurik batek 15 ordu lan egitea eta ezin izatea kontratatu beste pertsona bat».