Ruben NIETO
BILBO

Zubia ikur hartuta dator Loraldia bere azken txanpan

Loraldia jaialdiak egitarau oparoa aurkeztu du datozen egunotarako. Zubia da hirugarren edizio honetako ikurra, sormenaren eta lan kolektiboaren adierazle gisa. Eta elkarlanaren fruituak dira Bilboko hainbat kultur gunetan aste honetarako aurreikusitako proposamenak, non, esaterako, literatura, zinema emankizunak, antzezlanak eta kontzertuak izango diren.

Orain arte Loraldia festibalak jaso duen harrera ona ikusirik, pozik agertu zen atzo Aitor Narbaiza antolatzaileen ordezkaria. Jaialdiaren laugarren aste honetako hainbat protagonistekin egindako agerraldian adierazi zuenez, «ekuatorea gaindituta, orain artekoarekin oso gustura gaude. Eta aurrera begira, ilusionaturik».

Aste honetako programazioan, hasteko, gaur Bilboko Poza Poza Lizentziatua kalean Elkarrek duen dendan “Kafe bat Kattalin Minerrekin” izenburupeko solasaldia izango da. Ekintzaile feminista eta kulturgile hernaniarrak Danele Sarriugarte idazlea izango du alboan. «Danele elkarrizketatzaile arituko da, elkarrizketaren formatua erabiliko dugulako nire liburua aurkezteko», azaldu zuen Minerrek.

Idazle gazteentzako Igartza sariaren laguntzaz idatzia, liburuak “Nola heldu naiz ni honaino” izenburua du, eta emakume gazte baten bizitza kontatuz, hainbat gai uztartu ditu. «Liburuaren helburuaz hitz egingo dugu, baita prozesuaz, sariaz, bekaz eta literaturaz ere».

Bihar antzerkiaren txanda izango da. Cafe Bar Bilbaon antzeztuko da “Biba Voi! Dario Fo eta Fraca Rame akorduan” izeneko obra. Mikel Martinez eta Irati Agirreazkuenaga aktoreen eskutik, irakurraldi eta bakarrizketa teatralizatuak izango dira, euskarara itzulitako bi antzerkigile horien hainbat testu josiz.

Urrian zendu zen Dario Fo; Franca Rame, berriz, orain dela lau urte. Irati Agirreazkuenagak omenaldi honen helburua Franca Rame ikusaraztea dela ere aipatu zuen. «Ezezaguna egiten zaigu, belaunaldi gazteentzat ezezagunagoa da». Martinezek berriz, «biek elkarrekin lan egiten» zutela argitu zuen. «Batek sinatutako lan asko bienak zirelako». Ostegunean, bestalde, Alondegian Iratxe Fresnedak zuzendutako “Irrintziaren oihartzunak” dokumentala ikusteko aukera izango da. Lan hori euskarazko zinemagintzan aritutako lehenengo emakumearen, hots, Mirentxu Loyarteren bizitzan murgiltzen da, gaur egungo ikuspuntutik begiratuta.

Itsasadarra Itsas Museoan, bestetik, “Isabel Iturberen bizitza eta heriotza” ikuskizuna taularatuko dute ostiralean, poesia, performancea, literatura eta musika psikodelikoa biltzen dituena. Idazle gaztez osaturiko Itu Banda eta rock psikodelikoa jotzen duen Kaluse taldearen emanaldi honetan Isabel Iturberen bizitza kontatzen da. Pasai Antxoko emakume euskaltzale honen bilakaera irudikatuz, frankismotik trantsiziora, arrantzale herritik industriaren goraldira bidaiatzen du.

Badok musika atariak ere Loraldian parte hartuko du aurten, aurreko bi edizioetan bezala. Webgune honen arduradun Jon Eskisabelen hitzetan, «aurten beste formatu bat eman diogu eta Badok Eguna izena eman diogu ekimenari. Hiru kontzertu, hiru estilo desberdin, hiru agertoki ezberdin».

Larunbatean, 19.00etan Biba!-n, Izarok, Mallabiko kantariak, formatu txikian aurkeztuko ditu berak sortutako azken kantuak. 21.00etan Kafe Antzokian, aldiz, Lukiek taldearen txanda iritsiko da. Mungian sorturiko eta garaje rocka eta grunge musika egiten duen bandak bere lehenengo kontzertua eskainiko du Bilbon. Eta 22.30etik aurrera, Kafe Antzokian hau ere, Sakanatik datorren Hesian taldeak joko du, bere 10. urtemuga ospatuz.

Astea bukatzeko, igandean literatura, bertsolaritza eta musika izango dugu Guggenheim-eko auditoriumean. “Demai, Morgen” izenburua du saioak eta Kirmen Uribek Loraldian plazaratzeko sortu duen testua irakurriko du. Idazleak atzo esan zuenez, «benetako gertakizunekin literatura egiteko bidetik jo dut. Gaia eman zidaten, geroa. Eta geroaz hitz egiteko duela 100 urteko istorio bat kontatzea erabaki dut».

1917an Lekeition ikasten ari diren bi ikasle alzasiarren istorioa aukeratu du. Koldo Sansebastian historialariak igorri zion dokumentu historiko baten gainean eraikia dago ipuina. Testua izango da ikuskari honen oinarri, Josu Goikok bertso gaiak proposatuko ditu eta Oihana Bartra eta Alaia Martin bertsolariak arituko dira lan horretan, Angel Unzuk prestaturiko musikak lagunduta.