GARA
BILBO

Dena prest Otxandion bihar Korrikaren lehen urratsak hartzeko

Hogeita lau orduko atzera kontaketa baino ez da falta Korrikaren 20. edizioa lehen urratsak ematen has dadin. Bada, biharko hasierako egun handi hori aurkezteko prentsa agerraldia egin zuten atzo AEK-k eta Korrikaren arduradunek Bilbon.

Joseba Irazabal Korrikako Otxandioko arduradunak aurkeztu zuen lehendabiziko eguneko egitaraua: Korrika Txikia, kale animazioa, “Aurrera Korrika” ikuskizuna eta Gozategi taldea izango dira, besteak beste. Hasiera ekitaldia 16.40an izango da, eta 17.00etan hasiko da Korrika.

Edizioa irekiko duen lehen kilometroari dagokionez, Joseba Kanpo Korrikaren sortzaile otxandiarra zenaren omenezko kilometroa izango da. Hala, Kanporen senideekin batera, Korrikaren beste zenbait sortzaile izango dira hasierako kilometroan, 20. edizioko omenduak diren neurrian.

Otxandiotik bertatik elkarlanean egingo dute saioa euskarazko hedabideek, antolatzaileek atzo jakinarazi zutenez.

Iruñea eta AEK, eskutik

Bestetik, Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Nafarroako AEK-ko koordinatzaile Asier Biurrunek lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo, apirilaren 9an Korrika Nafarroako hiriburuan amaitzen dela eta. «Niretzat ohorea izango da Korrika Udaletxeko plazan hartzea», nabarmendu zuen Asironek. Hitzarmenaren bidez, Iruñeko Udalak antolaketaren esku jarriko du bai amaiera ekitaldia Sarasate pasealekuan egin ahal izateko azpiegitura, bai hiriko beste guneetan erabiltzeko beharrezko materiala ere.

Utzitako azpiegituraren balioa 50.000 eurokoa izango da gehienez. Ekarpena aurreko udal gobernuena baino askoz handiagoa izango da. Oholtzak, komun kimikoak, pantailak, toldoak... utziko ditu Udalak. AEK-k, berriz, lasterketa sustatzeko materialean Udaleko logotipoa erantsiko du eta ibilbidearen kilometro bat Udalaren esku utziko du Iruñean bertan.