Ion SALGADO
GASTEIZ

Lanbideren aurkako salaketak DSBE arautzen duen legea ez betetzeagatik

Diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) %8 igotzea aldarrikatu zuten atzo gizarte eragileek Gasteizko Parlamentuan, lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko igoera izan dezan. Halaber, 2012an laguntzetan ezarritako murrizketak bertan behera uztea eskatu zuten.

Lanbideren aurkako salaketa bat aurkeztu zuten astelehenean epaitegietan hainbat gizarte eragilek diru sarrerak bermatzeko errentan ematen ari diren murrizketen eta enplegu zerbitzuko arduradunek hartutako hainbat erabakiren kontra, eta bihar beste bat aurkeztuko dute. Hala iragarri zuen atzo Iñaki Carro abokatuak, Gasteizko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean. Ondoan Isabel Garcia gose greban den aktibista eta Alfonso Lopez eta Esteban Rivas Ekain Euskadiko Gizarteratzearen Aldeko Sareetako ordezkariak izan zituen.

Guztiek DSBE %8 igotzea eskatu zuten, lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko igoera. Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak DSBE kontsumo prezioen indizearen arabera igotzea proposatu zuela gogoratu behar da. Atzo EAEko Legebiltzarrean Bizkaiko kolektibo sozialen izenean hitz egin zutenek neurri hori ilegala dela nabarmendu zuten. Eta 2012an diru laguntzetan ezarritako murrizketa, %7koa, bertan behera uztea eskatu zioten Lakuako Gobernuari. Halaber, gose greban direnen egoera gogoratu zuen Garciak. «Ez dugu gose greba gustuz egiten, beste alternatibarik ez dugulako baizik», azaldu zuen, eta Lakuako agintariak hitz egitera gonbidatu zituen: «bide berriak sortu behar dira gizarte zibilaren eta Jaurlaritzaren artean». Horrela laguntza sozialak bermatzea eta sistema hobetzea espero du.

Azken urteetan murrizketak etengabeak izan dira, eta diru laguntzak jasotzen dituztenen aurkako mezuak ere zabaldu dira. Carroren ustez, gainera, hartu diren neurriak iruzurra galarazteko izan dira, ez sistema hobetzeko. «Iruzurraren susmoa zabaltzen da, eta, ostean, dokumentu gehiago exijitzen zaizkie eskatzaileei», azaldu zuen abokatuak, Lanbideko bulegoetara gerturatzen diren herritar guztiek errespetua merezi dutela azpimarratu ondoren.

Lopezek ere babestu zituen laguntza sozialak, eta DSBEk langabeziarekin harremana ez duela esan zuen. «Lan merkatua bera da enplegua sustatzen ez duena», esan zuen prekarietateari erreferentzia eginez. Eta DSBE ordaintzeko Lakuak EAEko aurrekontuaren %5 soilik erabiltzen duela gaineratu zuen. «DSBE %8 igoko balitz ere, ez dut uste sistema arriskuan egongo litzatekeenik», esan zuen EAJri erantzunez, jeltzaleek sistemaren «iraunkortasuna» bermatu nahi dutela esan baitzuten atzo.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideek gizarte eragileen aldarrikapenak babestu zituzten, eta PSEk sistema aldatu behar dela ohartarazi zuen. DSME hainbat alditan kritikatu duen Laura Garrido PPko legebiltzarkideak, berriz, ez zuen galderarik egin.

Ehunka eragile Bilboko manifestazioaren alde

Ehunka eragile sozial eta sindikalek babestu zuten atzo Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Bilbon antolatutako manifestazioa. Martxa datorren larunbatean izango da, eta Jesusen Bihotzetik aterako da 17.30ean.

ELA eta LAB sindikatuek bi oharretan azaldu zutenez, gizarte laguntzak %8 igotzea eskatuko diote Lakuari, eta 2017rako aurrekontu proiektuan jasotako xedapen gehigarrian prestazio sozialen zenbatekoan ezartzen den %7ko murrizketa eraginik gabe uztea.

«Aldarrikapen hauek murrizketez betetako urteen ondoren egiten ditugu. Gizarte prestazioetara sarbidea izateko baldintzak gogortu egin dira, adibidez DSBE eskatu ahal izateko erroldatze denbora urte batetik hiru urtera igo da, prestazioen zenbatekoa %7 murriztu da eta Lanbidek irizpide murritzaileak aplikatu ditu, kasu askotan behar gehien duten pertsonen eskubideak urratuz», adierazi zuten. DSBEren existentzia «borroka sozialaren ondorio» dela ere gogoratu zuten sindikatuek. I.S.