Asier AIESTARAN
Futbola

Euskal Kopa osoago bat

Sei taldek hartuko dute parte emakumezkoen Euskal Herriko Koparen zazpigarren ekitaldian, tartean Angeluko Genetsek ere bai.

Emakumezkoen Euskal Herriko Kopa indarberrituta dator aurten. Lehiaketak bere zazpigarren ekitaldia beteko du, eta parte hartzaile kopurua igo egingo da, sei talderi kabida emanez. Gainera, Ipar Euskal Herriko ordezkari bat egoteak nazio ikuspegia osatzea ere ekarriko du. Zehazki, Angeluko Genets, Gasteizko Aurrera, Mutiloako Mullier, Oiartzun, Reala eta Athletic izango dira txapelketan parte hartuko duten sei taldeak.

Atzo Donostian egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez, final-laurdenetako bi kanporaketak apirilaren 8-9ko asteburuan jokatuko dira. Batetik, Mutilnovako zelaian Mulier eta Oiartzun neurtuko dira, eta partida horretako irabazleak Athleticen aurka jokatuko du finalerdia. Bestetik, Gasteizko Aurrerak eta Genetsek Agurainen jokatuko dute, eta neurketa horretako irabazleak Reala izango du zain. Finalerdiak ekainean jokatuko dira eta finala, berriz, abuztuaren 27an, Elgoibarren –kanporaketa guztiak partida bakarrera erabakiko dira eta ez da luzapenik egongo, 90 minutuak berdinketan amaituz gero penalti bidez erabakiko da irabazlea–.

Hain zuzen ere, finala Elgoibarko Mintxeta zelaian jokatzea da Euskal Koparen beste nobedadeetako bat. Ane Beitia alkatea aurkezpenean izan zen, eta pozik azaldu zen maila horretako neurketa bat hartzeko aukera izateagatik. «Jaietan egongo gara, jaien amaieran, baina festak luzatzeko aitzakia bikaina izango da final hau. Gainera, Elgoibarko Kirol Elkarteak ehun urte betetzen ditu aurten eta antolatuko diren hainbat kirol ekitaldiren artean hau beste bat izango da, garrantzitsua oso», azaldu zuen alkateak.

Athletic nagusi orain arte

Hain zuzen ere, euskal taldeak denboraldi-aurrean bete-betean sartuta egongo dira data horietan, eta prestaketa moduan hitzordu aparta izango da finalera iristen diren bi taldeentzat. Orain arteko sei edizioetan Athletic eta Reala izan dira finala jokatu duten taldeak, eta horietatik bostetan garaipena zuri-gorrien alde erori izan da –txuri-urdinen garaipen bakarra 2012koa izan zen–.

Hala ere, argazki ederra izan zen atzokoa, sei taldeetako jokalariak biltzen zituena. Sandra Guillen (Genets), Irene Gaztelu (Mulier), Alaitz Dueñas eta Hegoa Peciña (Aurrera), Marina Agoues eta Nekane Quiñones (Oiartzun), Aintzane Encinas (Reala) eta Estibaliz Bajo (Athletic) bertan izan ziren.

Banan-banan hitza hartzen joan ziren, batzuk euskaraz, besteak erdaraz, baita Sandrak frantsesez ere, eta arrazoi desberdinengatik lehiaketak eurentzat duen garrantzia nabarmendu zuten. Maila apalena duten taldeentzat koska bat goragokoen aurka jokatzeko aukera aparta izan daitekeelako, eta talde indartsuenentzat txapel polit bat irabazteko parada izan daitekeelako.

Gizonezkoena ere egingo da

Kike Zurutuzak, Euskal Herria Kirola erakundearen izenean, aurten gizonezkoen lehen Kopa ere jokatuko dela baieztatu zuen, baina xehetasunak aurrerago emango dituztela.

 

Genetsen maila ikustea izango da torneoaren beste interes guneetako bat

Zoritxarrez, ez da batere ohikoa izaten Hego eta Ipar Euskal Herriko taldeak euren artean jokatzen ikustea. Eta horixe izango da aurtengo Koparen beste erakargarri handi bat. Angeluko Genets Frantziako Ohorezko Mailan ari da lehiatzen gaur egun, bertako hirugarren maila litzatekeena, eta taldeko ordezkariek ere ez daukate oso argi konparaketa bat eginda zer maila eman dezaketen Hegoaldeko taldeen aurrean.

«Orain DH delako mailan gabiltza. Eta hor gu baino talde indartsuagoen aurka jokatzen dugu gehienetan. Kontuan izan behar da lau bat urte bakarrik daramagula emakumezkoen taldearekin eta entrenatzaileok gizonezkoen futboletik gatoz; beraz, zaila da guretzat konparaketak egiten hastea. Lehen mailan talde oso indartsuak daude Frantzian, PSG edo Lyon esaterako, baina gu beste koska batean gaude. Hala ere, maila polita eman dezakegula uste dut», aipatu zuen Genetseko ordezkariak.

Eta aurkarientzat ere, kasu honetan Gasteizko Aurrera taldearentzat, interesgarria izango da beste liga batean dabilen aurkari baten kontra jokatzea.A.A.