Idoia ERASO
BAIONA

Hautagaiak errepikatuko ditu EH Baik ekaineko legegintzarako hauteskundeetan

Abertzaleak, ezkerrekoak eta ekologistak dira EH Bai koalizioaren izenean, ekaineko legegintzarako hauteskundeetan aurkeztuko diren hiru hautagaiak eta ordezkoak. 2012ko hauteskundeetan hiru barrutietan aurkeztu ziren aurpegi berak dira: Anita Lopepe laugarrenean, Laurance Hardouin bosgarrenean eta Peio Etcheverry-Aintziart seigarrenean.

«Hautagaitza iraunkortu nahi dugu, mezua egonkortzeko eta ikusgarritasuna hobetzeko», azaldu zuen Etcheverry-Aintziartek. Sexu parekidetasuna betetzen dutela ere nabarmendu zuen: horren erakusle da hautagai bakoitzeko dagoen ordezkoa: laugarrenean Eric Etxart zuberotarra, bosgarrenean Peio Menta eta seigarrenean Nathalie Aicaguerre.

EH Baik bere hautagaitzaren zentzua bi ildotan oinarritzen du. Alde batetik, «sistemaren aldaketa, non pertsonak eta ingurumena errespetatuko diren». Bestalde, Euskal Herri mailan eragitearen alde agertu zen Lopepe: «Globalizazio neoliberalak sorturiko kalteek tokiko alternatibak eraikitze alderako ekimenak indartzen dituzte». Zentzu horretan, sortu berri den Euskal Elkargoaren haritik, «lurralde honek gero eta eskumen eta botere handiagoak» behar dituela gaineratu zuen.