Amalur ARTOLA
IRUÑEA

Euskal kantutegiaren artxipelagotik

Ainhoa Garmendia sopranoa, Andoni Egaña bertsolaria, Pello Ramirez txelo jotzailea, Garikoitz Mendizabal txistularia, German Ormazabal pianista eta Belen Ibarrola arte zuzendaria oholtza beraren gainean batuko ditu «Artxipielagoa» ikuskizunak. Luxuzko lantaldeak, bakoitzak bere talaiatik, euskal kulturaren gaineko gogoeta egin eta kantutegia berreskuratzearen aldeko aldarria egingo du. Ikuskizuna apirilaren 28an estreinatuko dute, Baluarten.

Euskal kulturaren gainean hausnarrean jarri ditu Iruñeko Baluartek, Euskarabidea Nafarroako euskararen institutuaren laguntzarekin, Andoni Egaña bertsolaria, Ainhoa Garmendia sopranoa, Pello Ramirez txelo jotzailea, Garikoitz Mendizabal txistularia eta German Ormazabal piano jotzailea. “Artxipielagoa” izendatu duten ikuskizunean, bakoitzak bere mira eta diziplinatik, bere uhartetik, bere hondar alea ipini du: bertsolaritzak berezko duen bat-batekotasunetik, hainbat gogoeta eskainiko ditu Egañak, hitzez zein bertsotan; eta Ainhoa Garmendia sopranoak, German Ormazabal pianista, Garikoitz Mendizabal txistularia eta Pello Ramirezen txeloa lagun dituela, euskal kantutegi klasikoaren eta modernoaren errepasoa eskainiko dute, besteak beste, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Oskorri eta Ken Zazpiren kantuak Jesus Guridi, Tomas Garbizu edota Jose Maria Iparragirreren konposizioekin nahasiz. Eta, elementu guztiak uztartzeko, Belen Ibarrolak ikuskizunerako propio sortutako irudi eta bideo proiekzioak eskainiko ditu.

Obra apirilaren 28an oholtzaratuko dute estreinakoz Iruñeko Baluarten –sarrerak salgai daude jada 12 euroan– eta, horren ostean, Euskal Herrian zehar bira egingo dute. Dagoeneko, hamalau herritako saioak hitzartuta dituztela aurreratu du Egañak eta pozik daudela, estreinaldiaren aurretik jada izan duen harrerarekin. Ikuskizunaren asmoa, bat, bakarra eta argia dela dio: jendea kantuan jartzea. «Baina aurretik guk eginda hainbat lan. Gutxi-asko, bi-hiru ataletan banatuko da ikuskizuna eta horietako bat da entzuleak kantari jartzea». Lehen atala nagusiki instrumentala izango dela zehaztu du, eta musikariekin batera Ainhoa Garmendia sopranoak «kantu tradizional mordoxka bat» abestuko duela. Bertsolariaren lana, ikuskizuneko pieza ezberdinak lotzea izango da, hitzez zein bertsoz, irlak artxipelago bilakatzeraino. «Bukaera aldera, ea jendea berotuz joaten den eta kantuan hasten diren, ze, askotan, konturatzen gara kantu-jirak eta halakoak badaudela, badakigula kantatzen, baina agian ez dugu egiten. Asmoa da errezinto txiki batean, Ainhoa kantuan entzun ondoren, harekin batera aritzea».

Hala, lehen zatian herri kantutegia izango dute oinarri, eta bigarrenean «klasiko bihurtu diren kantu berriagoak» eskainiko dizkiote publikoari. Garmendiak azaldu du ikuskizuna bi zatitan banatzearena hasieratik zutela argi: «Kuriosoa izan zen. Ni Alemanian bizi naizenez eta beraiek Euskal Herrian, beraien artean hitz egiten zuten eta apur bat isolatuta geratzen nintzen. Gertatu zitzaigun, bakoitza bere aldetik bueltak ematen joan ginela proiektuari, eta ideia bera eduki genuela: kontzertua bi zatitan banatzea, lehena betiko euskal kantekin eta bigarrena, bereziagoa, abesti modernoagoekin egitea».

Mikrofonoaren erronka

“Artxipielagoa” «oso proiektu berezia» dela uste du Garmendiak. Proiektua garatzen disfrutatu egin duela dio, baina oholtza gainean erronka berezi bat izango duela baieztatu du: bizitzan lehen aldiz, mikrofonotik zuzendu beharko zaio entzuleari. «Lehen partean, niretzat ‘normal’ den moduan abesten dut, musika klasikoko teknikekin eta mikrofonorik gabe. Bigarren zatikoak ezin dira operan bezala abestu, eta hori ere garatzen ari naiz, beste era batera abestu ahal izateko». Erronka horrekin pozik dagoela ziurtatu du, bere ahotsaren «beste dimentsio bat» ari dela deskubritzen.

Publikoa kantuan jarriko den ziurtasuna du Garmendiak. Eta baita Egañak ere. Bertsolariaren hitzetan, publikoari aukera eta giroa jartzen zaizkionean, erantzun egiten du. «Sekula ezin da ziur jakin, baina baietz esango nuke, Ainhoa entzunda jendea animatuko dela gurekin kantuan aritzera». Oholtzako eskarmentutik, sopranoak dio publikoari abesti ezagunak eskaintzen zaizkionean kanturako arra sortzen zaiola, bai ala bai. «Halako kontzertuetan, askotan, jendeak ahapetik abesten du, barrutik, eta orain ahoa ireki eta ahotsari ateratzen uzteko aukera emango zaie. Nik uste dut beldurrik gabe abestuko dutela».

Garmendiak esperientziaz gozatzen ari dela dio: «Disfrutatzen ari naiz, izugarri gainera. Eta ilusioa ere badut. Batetik, gozada bat delako ekipo honekin lan egitea; artista zoragarriak dira». Aurretik ezagutzen zuten elkar eta euren artean proiektu ezberdinetan parte hartutakoak dira, baina hau da seiak batera lan egiten duten lehen aldia. Elkarlana atsegina izan dela dio Egañak ere, «nahiko jende arrunta baikara eta sor litezkeen zalantzak-eta erraz konpontzen ditugu elkarrekin».

Lantalde horrekin eta euskal kantutegia oinarri hartuta abestea «amets bat» dela ere aitortu du Garmendiak, «gure betiko abestiak direlako. Ni abesti hauekin jaio naiz, oso barnean daramatzat. Une honetan sentitzen dudana oso berezia da, hitzez ezin esan dena. Gure musika da. Eta espero dut publikoak ere hala sentitzea».