GARA
DONOSTIA

Foro Sozialak tokian tokiko bizikidetza esperientziei buruzko topaketa egingo du Gernikan, hilaren 29an

“Hitzorduak” topaketa berri bat egingo du Foro Sozial Iraunkorrak apirilaren 29an, Gernikan. “Bizikidetza eraikitzen” izenburupean, ekimen honek herritar guztiei espazio bat eskaini nahi die, espazio seguru bat, konfiantza giroan hitz egiteko eta iritzi ezberdinak partekatzeko. Helburua orotariko pertsonak elkartzea da, ahalik eta tradizio politiko askotarikoenetakoak eta sektore sozial zabalenetakoak.

Aitzpea Leizaola eta Juanjo Espinak azaldu zutenez, «gure ezberdintasun guztiez harago, euskal gizarte osoa eta alderdi politiko guztiak batzen dituen aspektu bat badela sinetsita gaude: oinarri sendoen gaineko elkarbizitzaren eraikuntza». «‘Hitzorduak’ saio honetan, azken urteetan garatutako bizikidetza esperientzia lokalen gainean jardungo dugu. Esperientzia hauek herri mailako sektore guztien arteko kontsentsu transbertsalak lor daitezkeela erakutsi digute. Eta Foro Sozial Iraunkorrak, elkarbizitzaren eraikuntza prozesuari dagozkion akordio eta kontsentsuei dagokienez, gizartea alderdi politikoak baino maila aurreratuago batean dagoela ulertzen du», gaineratu zuten.

Diagnosi horretatik abiatuta, elkarbizitzaren eraikuntza lan hau gizarteak berak sustatzea bilatu nahi dute, instituzioekin elkarlanean. Horretarako, hiru aspektutan oinarritutako bide sozial baten sorrera sustatuko dute: biolentzia mota ezberdinetako biktima guztiekiko errespetua, Euskal Herrian jasandako sufrimendu mota ezberdin guztiekiko aitortza eta gertatutako guztiaren gaineko irakurketa kritikoa.