GARA
BILBO

Heteleko LHko 105 ikasle Europako enpresetan ari dira praktikak egiten

Erasmus+ programari esker Hetel elkarteko hogei ikastetxeetako 105 ikasle –horietatik 23 neskak– Europako hainbat herrialdetako enpresetan ari dira praktikak egiten. Hamahiru aste emanen dituzte.

Gero eta ikasle gehiagok egiten dute atzerrian ikasteko hautua, hainbat arrazoik bultzatuta: joaten diren herrialdeetako hizkuntza hobetzea, curriculuma zabaltzea eta, azkenaldian, baita praktikak egiten dituzten enpresetan enplegu aukera bilatzea ere. Era berean, gero eta euskal enpresa gehiago ari dira nazioartera zabaltzen. Beraz, bertako teknikari eta profesionalek bidaiatzeko prest egon behar dute. Hala azaldu du Hetel Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak. Bertako 105 ikasle Europan barna praktikak egiten dabiltza orain. Martxoan joan ziren eta ekainean bueltatuko dira.

Erdi eta goi mailako heziketa zikloetako bigarren mailako ikasleak dira, 18 eta 21 urte artekoak. Hamahiru astez punta-puntako enpresetan dabiltza, Italian, Holandan, Irlandan, Estatu frantsesean, Alemanian, Txekiar Errepublikan, Britainia Handian eta Polonian. 105 ikasleotatik 44 bizkaitarrak dira, 36 gipuzkoarrak eta 25 arabarrak.