Jon GARMENDIA
Idazlea

Zazpigarren plaza

Pasa den urtean estreinatutako “A cidade onde envelheço” filmaren narrazioak bi emakume aurkezten ditu beraien sorlekutik milaka kilometrora, lasaia da bat, Francisca, hitz egin aitzin pentsatzeko denbora hartzen duena, eta oldartsua da Teresa, bizia, pentsamendura heldutakoa jaulkitzen duena istantean.

Franciscak, kanpoan daramatzan urteen zama arindu nahirik edo horrelako zerbaitegatik ziurrenik, Portugalera itzuli nahi du; Teresak aldiz, bidearen erdi eta bazter, abenturari eutsi nahi dio. «Vais envelhecer aqui?» galdegiten dio orduan Franciscak Teresari; hemen zahartuko zara? hemen?, aipamen labur horretan aipamen anitz gordetzen direla jakinda; denak sakonak, esanahi handikoak.

Poesia da eszena hori. Teresak, ordea, ironiaz, erantzunari iskin eginda, zazpigarren plazan ehortzia izan nahi duela erantzuten dio Franciscari, hirigunearen erdian, jendartearen eta autoen harrabotsaren kokalekuan.

Askotan etortzen zait burura pasarte hori, etxetik irten bezain laster, nirea ez den toki batean zahartzen ari naizela sentitzen baitut. Nirea den herria falta zait agian, turistek beraiena bilakatzen dutelako hau, edo turistei buruz hitz egiten dutenek bestela. Nire hizkuntzan hitz egiten duen jendartea falta zait beharbada, eta hizkuntza hori hitz egiteko ez dira soilik hitzak behar, sentimenduak aski dira, sentikortasuna, enpatia.

Izango da zahartzen ari naizela, gero eta arrotzago zaidan tokian. Pena da, ordea, nik ez dudala zazpigarren plazarik bistan.