Mikel ZUBIMENDI

Gure erresistentziaren oroitza harro eta zoragarri jantziz

Etzi Bergarako Olaso Dorrean Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek eskainiko duten emanaldiak, Euskal Herrian aurrenekoz emango denak, gerra, exilioa eta Telesforo Monzon ardatz hartuta, euskal erresistentziaren oroitzak freskatu eta emozioak piztuko ditu.

Euskararen Eguna zela eta, gerra, exilioa eta Telesforo Monzon gaitzat hartuta, Olaso Dorrea Fundazioaren eta Etxepare Institutuaren artean deitu lehiaketatik sorturiko proposamen artistiko espeziala ekarriko dute Koldo Izagirre idazleak eta Joseba Tapia musikariak etzi Euskal Herrira. Bartzelonako bi unibertsitatetan emanaldiak eskaini ondoren, Euskal Herrian lehen aldiz ikusgai izango da narrazioa eta kantua tartekatzen dituen proposamena. Ostegunean Bergarak izango du aukera horren grazia eta monzondarren Olaso Dorrea izango da emanaldiaren plaza, eguraldi onak laguntzen badu magnolio mitikoaren pean den lorategian eta eguraldi txarra balego etxe zahar eta dotorearen barruan.

Ordubete pasatxo iraungo duen emanaldiak, euskara eta Monzon ardatz hartuta, gerra eta exilio uneak gogoratuko ditu. Lehendik eginak zituen kantu batzuekin batera, berariaz musikatutako beste bizpahiru eskainiko ditu Tapiak, Telesforo Monzonen, Orixeren, Jose Mari Lopetegi bertsolari errepublikano irundarraren eta Tximela kapitainak (Luis Rezola) Duesoko kartzelan preso zela jarritako bertsoen letrekin jositakoak.

Irakurriko diren testuak Izagirrek prestatuak dira, gure historiaren makina bat protagonistaren aipamenak jasotzen dituzten letrak. Narrazioetan barna hainbat puntu garratzekin egingo dugu topo, hala nola Unamuno eta Gaudi buruz buru Bartzelonan, Monzon Gernikan, Orixe kontzentrazio esparruan, Isidro eta Telesforo Monzon langosta jatera gonbidatuak enbaxadore batekin… Nabarmentzekoa da, bestalde, Bartzelonatik Bergararako jauziak –hango bi emanaldiak katalanez izan zirela eta hemengo publikoak hangoak ez dituen erreferentzia mordo bat dituela kontuan hartuta– egokitzapenak eskatu dizkiela. Baina, hori ere nabarmendu behar da: horrek ez du lausotuko Bartzelonak eta Kataluniak berak duten presentzia. Gerra eta exilioa gogoratzean, ezin ahaztekoak direlako gerra garaiko elkartasuna, euskaldun iheslariei emandako aterpea edo eredu linguistikoen afera.

Bergarako Olaso Dorrean ostegunean izango den saioan, talent show eta irrati formulen aro honetan telebistetan eta irratietan entzungo ez diren piezak izango dira entzungai. Ez da publiko handi-handi bati begirako materiala izango, baina, bai ordea erreboltarako zirkunstantziek hala eskatzen dutenerako den-denek eskura izango duten materiala. Ikusleen artean konpartitua den «pathos» bat biltzeaz gain, aspirazio komun bat marraztuko dute, zapalkuntzaren aurkako munizioa eskainiz, behar-beharrezkoa den indar eta debozio moduko bat, artearen plazeraz harago, ezin amestuzkoa edo inposiblea dirudien etorkizun libre bat amesteko txinparta.

Sentimendua eta jakintza inspiratuz

Tapiak eta Izagirrek, kantuak eta testuak, lirikak eta harmoniak, ahotsak eta musikak, gozo eta garratz, sinple eta esanahiez beterik, emozioak piztuko dituzte. Gure bihotzetan sentimendua eta jakintza inspiratuko dute. Memoriaren barna eta belaunaldi ezberdinetan zehar transmitituko den nortasun baten baieztapen harro zoragarria.

Francoren altxamendu faxistak Euskal Herrira ekarri zuen gerraren kantutegi baten faltaren zuloa betetzea da Izagirreren eta Tapiaren proposamenaren asmoa. Harekin euskaldunok batuta jardun ziren erresistentzia biziko da entzuleen artean, askok bizi ez zuten gerra hartara bidaiatzeko gonbita izango da, hil zizkigutenekin areago ahaidetuko gara eta gure komunitatea jantzi egingo da, oroitzak jantziz, memoria hura erantzezin egin arte.

Monzon eta euskara hari bihurtuta, ederra izango da josi den proposamen artistikoa, erregistro eta arrazionalitate andana bat iradoki eta barneratzen lagunduko duena. Izan zirenek utzitakoa letraz eta musikaz eskainiz, garenean indartuko gaituzte, eta, emanaldiko ahots eta isiluneekin, izango garenaren lekuko mutu, hor izango ditugu beti alboan, lagun eta prest.

Koldo IZAGIRRE

Euskara hari mehe eta tinko bat dugu: ez da ikusten baina nabaritu egiten da, nabaritzen da eta ez da sentitzen, lotu eta askatu egiten du, batu eta banandu, definitu eta konprometitu. Hizkuntza problematikoa da gurea: Euskal Herria frankofonoa eta gaztelafonoa da baina euskalduntze prozesu batean ari da, Euskal Herria euskalfonoa da baina frantseste eta gazteleratze prozesu batean ari da.

Eta hedadura nazionaleko alderdi guztiek, beren praktikan, euskara arazotzat daukate, arazo sektorialtzat zehazki esanda.

Hizkuntzen borroka, borroka sozialaren aldaera linguistikoa da.

Karlistadetan, Engelsek eta Marxek ziotenez antikapitalistak ere izan ziren gerla haietan, euskal herria, alegia euskaldunok, erdaldunak izan nahi ez dugunok, bitan zatitu ginen. Gerla haiek ulertzeko liberalen kantutegia zein karlisten kantutegia entzun beharko genituzke.

Baina mila bederatziehun eta hogeita hamaseiko altxamendu faxistak ekarri zuen gerla ulertzeko, ez daukagu kantutegi faxistarik euskaldunok. Baliteke kanturen bat, bertsoren bat edo beste egin izana Francoren ohorez. Halakorik egon bazen, ederki ahaztua daukagu. Gerla hartako euskal kantu guztiek faxismoa salatzen dute: euskaldunok bat eginda borrokatu ginen eta genuen, hari mehe eta tinko batean.

Hari mehe eta luze hori, gure erresistentziaren harrotasuna da.