GARA
BILBO

Langile bat zendu da Zornotzan eta beste bat zauritu Abadiñon

Biktimak 48 urte zituen eta Zornotzako Jauregizaharreko igerilekuan lanean ari zela hil zen gas intoxikazio baten ondorioz. Sindikatuek azpikontratazioa amaitzea eskatu zuten. Abadiñoko langilea helikopteroz eraman zuten Gurutzetara, makina batetik erori ostean.

Zornotzako Jauregizaharreko igerilekuan lanean ari zen behargin bat zendu zen atzo «gas intoxikazio» baten ondorioz, lehen ikerketen arabera. Gizonak 48 urte zituen eta herriko bizilaguna zen. Ia eguerdiko ordu batak ziren pertsona batek ohartarazi zuenean langile bat konorterik gabe zegoela igerilekuko aldageletan. Zornotzako Udalak ohar bidez arratsaldean jakinarazi zuenez, istripua 11.30ean jazo zen. Bertara joan ziren mediku taldeak eta suhiltzaileak, hain justu, gas usaina atzeman zelako instalazioetan. Saiakerak egin arren, ezin izan zuten gizona suspertu.

Udalak igorritako oharraren arabera, langileak 25 urteko eskarmentua zuen enpresan –azpikontrata zen eta lehiaketa publiko bidez ematen zituen bere zerbitzuak–. Ertzaintza eta Osalan atzo gertatutakoa ikertzen ari dira.

Hain zuzen, azken honi zuzendu zitzaizkion ELA, LAB eta CCOO sindikatuak. «Azpikontratetako prekaritatea eta laneko segurtasun eza erabakigarriak dira honelako istripuak gertatu ahal izateko. Erakundeetako arduradunei eskatzen diegu azpikontratazioekin bukatzea eta kalitatezko enpleguaren eta lan baldintza duinen aldeko apustua egin dezatela», erantsi zuen LABek ohar bidez.

ELAk berriz, «neurri erreal eta eraginkorrak» eta «segurtasun eta osasunari dagozkion enpresen betegabetzeak kontrolatzeko beharrezko diren baliabide guztiak» eskatu zituen. Bere datuen arabera, dagoeneko 22 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2017an.

Azken heriotza hau salatu eta senideei babesa agertzeko elkarretaratzea egingo dute udaletxeko plazan, 11.30ean, CCOO sindikatuak deituta. Udala zentzu berean mintzatu zen, gertatutakoa deitoratuz.

 

Abadiñon, beste istripu bat

Ez zen eguneko ezbehar bakarra izan, tamalez: Abadiñon langile bat zauritu zen enpresa batean lanean ari zela, erorketa baten ondorioz, Lakuako Segurtasun Sailak ohar bidez jakitera eman zuenez.

Lan istripua eguerdiko ordu batean gertatu zen Abadiñoko Astolabeitia industrialdeko enpresa batean. Dirudienez, langilea makina batetik erori zen eta zenbait kontusio izan zituen. Osakidetzako helikoptero batek Gurutzetako ospitalera eraman zuen.