Asier AIESTARAN
PILOTA

Bizkaiko koroa, berriz jokoan

Herriarteko Esku Pilota Txapelketa datorren asteburuan hasiko da 24 talderen parte hartzearekin.

Bizkaiko Herriarteko Txapelketa, esku pilotari dagokionez, asteburu honetan hasiko da final-hamaseirenetako joaneko partidekin. Atzo Bilbon egin zen aurkezpen ekitaldian jakinarazi zutenez, guztira 24 izango dira parte hartuko duten taldeak: Gernika, Leioa eta Barakaldo faltako dira iazkoarekin alderatuz, eta Balmaseda, Zaratamo eta Mallabia dira lehiaketako hiru berrikuntzak.

Lehiaketa sistema betikoa izango da: kanporaketa zuzenak joan-etorriko jardunaldietan, hiru mailatako partidak jokatuz (kadeteak, jubenilak eta seniorrak), eta finala jardunaldi bakarrera. Final hori ekainaren 25eko astebururako dago aurreikusita, baina egun zehatza eta lekua oraindik ez daude itxita. Final-zortzirenak maiatzaren 14 eta 21eko asteburuetan jokatuko dira; final-laurdenak maiatzaren 28 eta ekainaren 4an; eta finalerdiak ekainaren 11 eta 18an.

Aurreko ostiralean egin zuten zozketaren arabera, hauexek dira final-hamaseirenetako kanporaketak: Elorrio/Portugalete (irabazleak Markina izango du zain final-zortzirenetan); Zaratamo/Bilbo (Zornotza zain); Mallabia/Iurreta (Sestao zain); Gallarta/Zeanuri (Lemoa zain); Orozko/Abadiño (Ortuella zain); Dima/Balmaseda (Galdakao zain); Etxebarri/Sopela (Bermeo zain); eta Usansolo/Atxondo (Munitibar zain).

Faboritoak aipatzen hasita, berriz ere Markina-Xemein aipatu behar da nahitaez, azken bi ekitaldiak irabazi dituztelako eta beraiek izan direlako azken hamarkadako dominatzaile nagusiak –bost aldiz irten dira garaile azken bederatzi urteetan–. Gernika –2013 eta 2014ko irabazlea– eta Galdakao taldeak ere –2009 eta 2011ko txapelduna– kontuan izan beharko dira, nahiz eta lehiaketa aldakorra izaten den Herriartekoa.

Eskuz, Bizkaiko Herriartekoa 1970ean jokatu zen lehen aldiz –Etxebarri izan zen garailea–, eta aurtengoa 48. ekitaldia izango da. Atzoko aurkezpenean izan ziren Lorea Bilbao, Bizkaiko Aldundiko ordezkaria; Karmelo Ariznabarreta, Bizkaiko Federazioko presidentea; eta Xabier G. Santamaria, Federazioko zuzendari teknikoa.