GARA
BILBO

Escuderoren «Gernika»-ren eszenak berreskuratu ditu EOSek

Francisco Escuderoren «Gernika» operaren atal batzuk berriz entzuteko aukera eskaintzen ari da egunotan Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, bonbardaketaren 80. urteurrena betetzen denean. Eszenen aukeraketa Jose Ramon Encinarrek egin du eta abonu denboraldiaren baitan taularatuko da Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Francisco Escuderoren “Gernika” operaren eszenen hautaketa bat joko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bonbardaketaren 80. urteurrena betetzen den honetan.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eskainiko dituzte emanaldiak: joan den astelehenean Gasteizko Principal Antzokian, atzo Iruñeko Baluarten, gaur Bilboko Euskalduna jauregian eta Donostian –Kursaal jauregian– ostegun eta ostiralean. Saio guztiak arratsaldeko 20.00etan dira.

Jose Ramon Encinaren zuzendaritzapean, kantatutako zatiak interpretatuko dituzte Bilboko Koral Elkarteak eta Carmen Solis sopranoak, Federico Gallar baritonoak, Gustavo Peña tenoreak eta Fernando Latorre eta Miguel Angel Arias baxuek.

Zazpigarrena

Abonu denboraldiko zazpigarren programa da egunotan EOS eskaintzen ari dena.

“Gernika” lau ekitaldiz osatutako opera da, Bilboko Koral Elkartearen enkarguz sortua, 1987ko apirilaren 25ean estreinatu zena. Opera honetan, Gernikako herria irudikatzen edo gorpuzten du antzinako euskal komunitate bateko gazte batek, eta bere askatasunaren alde borrokatzen ari da Podio maltzurrak zuzendutako atzerriko milizia baten erasoen kontra.

Drama gizatiarra

Musikariaren semearen, Francisco Maria Escuderoren, esanetan, «drama guztiz gizatiarra pizten eta islatzen duen lana da, konposizioaren sorrera gisa oinarri dramatikoa ahul zezakeen inguru politikoarekin loturarik gabea. ‘Gernika’ operak gure kultur erroak birsortu eta elkarbizitza aktibo zentzua proiektatu nahi du».

Libretoa Escuderok berak idatzi zuen, Luis Iriondoren argumentuan oinarrituta, eta Carmelo Iturriak eta Agustin Zubikaraik euskaratu zuten.

Eszenak aukeratu dituen Encinarren esanetan, «aukeraketak koherentzia narratiboa du, modu autonomoan zentzua izan dezan, eta baita maila dramatikoan ere».