Jon LEUNDA
Elkarrizketa
JAGOBA ARRASATE
NUMANTZIA TALDEKO ENTRENATZAILEA

«Numantzia euskal taldeen tankerakoa da»

Jokalari izateari utzi bezain azkar ekin zion Jagoba Arrasatek entrenatzeari. Bere herriko taldean, Berriatukon, hasi zen, eta ondoren Elgoibarren aritu zen. Handik, Realera iritsi eta gazte mailakoekin aritu ostean, lehen taldeko entrenatzaile bihurtu zen, gero Numantziara pasatzeko. Sorian bi urte daramatza, eta litekeena da hurrengo urtean ere han jarraitzea.

Bigarren denboraldia du Numantzia taldean Jagoba Arrasatek. Reala utzi ostean Sorian aurkitu du bere lekua eta, gainera, bera oso gustura dago bertan eta berarekin ere horrelaxe omen daude. Aurtengo denboraldian mailari eusteko behar adina puntu lortzea zen denboraldi hasieran Numantziaren helburu nagusia, eta hortik oso gertu dago entrenatzaile bizkaitarrak zuzentzen duen taldea.

 

Gustura Soria aldean?

Oso gustura. Numantziak eman dit futbol profesionalean jarraitzeko aukera, eta hori eskertzekoa da. Gainera, Soriako ohiturak eta bizimodua Euskal Herriaren oso tankerakoak dira, eta etxetik ere oso gertu nago. Familiarekin etorri nintzen honantz, eta egia esan, aldaketa handirik ez dugu sumatu.

 

Horrenbeste euskal herritar egoteak bidea erraztuko zizun, ezta?

Dudarik gabe, azkenean hemen euskal herritar asko gaude. Baina denontzat da erraza hemen lan egitea. Kluba ere bikaina da, jendea gustura egon dadin ahalegin handia egiten du klubak, eta horrek denoi errazten dizkigu gauzak.

 

Mailari eustea da aurtengo helburu nagusia?

Bai. Helburua da mailari eusteko beharrezkoak diren 50 puntuak ahalik eta azkarren lortzea. Horretan ari gara, eta helburu horretatik gertu gaude. Bolada txarra izan dugu, eta badirudi hori gainditu dugula.

 

Numantziak dagoen lekutik behera ez egitea garrantzitsua da euskal futbolarentzat ere, ezta?

Bai, dudarik gabe, oso garrantzitsua dela esango nuke nik. Soria Euskal Herritik oso gertu dago, eta lehen esan bezala, hemengo ohiturak eta bizimodua oso berdintsuak dira. Etxetik oso gertu gaude, eta hemen, gainera, euskal herritarrak oso ondo baloratuak dira; ez orain bakarrik, Hirugarren Mailan zeudenean ere asko egoten omen ziren. Beraz, bai euskal jokalariontzat eta bai entrenatzaileontzat honelako talde bat futbol profesionalean egotea beharrezkoa da, baina ez guretzat bakarrik, baita Lehen Mailako euskal taldeentzat ere; izan ere, maila nagusian leku gutxi dutenentzat, utzita etortzeko ere leku aproposa baita hau.

 

Asko aldatzen da Lehen Mailan entrenatzetik Bigarren Mailan entrenatzera?

Nik uste dut aldea jokalarien kalitatean dagoela. Lehen Mailan ikaragarrizko kalitatea duten jokalariak badaude, eta askotan haiek erabakitzen dituzte neurketak. Hor entrenatzaileen lana ez da horrenbeste nabaritzen. Bigarren Maila askoz berdinagoa da, aldeak txikiagoak dira, eta askotan gauza txikiek erabakitzen dituzte partidak, eta entrenatzailearen jarduna gehiago nabaritzen dela esango nuke.

 

Realetik Numantziara asko aldatzen da?

Ezetz esango nuke. Une honetan maila bateko aldea dago bien artean, baina klub bezala tankera handia daukate. Lehen esan dut euskal taldeen tankerakoa dela Numantzia. Klubeko jendeaz asko arduratzen dira, ongi eta gustura egotea nahi izaten dute, eta hori beharrezkoa da eta garrantzitsua ere bada.

 

Realeko lehen taldeko entrenatzaile lana gazi-gozoa izan zen?

Ni txikitatik izan naiz Realaren zalea, eta Real Sociedad entzundakoan begiak pizten zaizkit. Uste dut urte politak izan zirela. Bigarren entrenatzaile bezala egon nintzenean ikaragarri ikasi nuen. Gero, lehenengo entrenatzaile bezala egin nuen aurreneko urtea ona izan zen: zazpigarren amaitu genuen Ligan eta Kopan finalerdietara heldu ginen. Bigarren urtea hasieratik okertu zen, eta ezin izan nuen denboraldia amaitu. Alde horretatik bai esan daitekeela gazi-gozoa izan zela, baina asko ikasi nuen, eta alde onarekin geratzen naiz.

 

Entrenatzaileen lana ez al da gero eta zailagoa?

Nik uste dut baietz, entrenatzaileekiko gero eta pazientzia gutxiago ikusten dut. Beti izan da emaitza txarrak badira entrenatzailea aldatzeko joera, baina orain gero eta azkarrago hartzen dira erabakiak, baina uste dut hori bizitzako ispilua ere badela. Gaur egun albokoarekin gero eta pazientzia gutxiago daukagu, eta entrenatzailearekin gauza bera pasatzen da. Helburuak jartzen direnean denboraldi amaierarako jartzen dira, baina helburu horiek hasieratik betetzen hasten ez badira, entrenatzailea aldatzeko joera gero eta handiagoa dago.

 

Jagoba Arrasatek Sorian jarraituko du?

Lehenengo helburua mailari eusteko behar diren 50 puntuak batzea da. Gero, egia da ni oso gustura nagoela hemen, eta kluba ere bai nirekin. Orduan ez litzateke arraroa izango nik hemen jarraitzea.