A.A.
Herriarteko Txapelketa

Gipuzkoako lehiaketa ere hasteko prest, maiatzaren 7ko asteburuan

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa ere ekitaldi berri bati ekiteko prest da. Lehiaketa maiatzaren 7ko asteburuan hasiko da –Bizkaikoa baino aste bat geroago–, guztira 32 taldek hartuko dute parte hiru jokamoldetan –eskuz, palaz eta zesta-puntan–, eta aurreneko kanporaketen zozketa atzo arratseko aurkezpen ekitaldian zen egitekoa.

Zehazki, eskuko lehiaketan 21 herrik hartuko dute parte: Aduna, Altzo, Andoain, Arrasate, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Bidania-Goiatz, Donostia, Errenteria, Hernani, Lazkao, Oiartzun, Oñati, Orio, Tolosa, Zestoa, Zizurkil eta Zumaia. Palaz zortzik jokatuko dute: Andoain, Deba, Donostia, Errenteria, Lazkao, Oiartzun, Olaberria eta Ordizia. Eta zesta-puntakoan hiruk bakarrik eman dute izena: Donostia, Mutriku eta Zumaia.

Esku pilota lehiaketari dagokionez, Azpeitiak azken bi urteetan lortutako garaipena errepikatu nahiko du. Iazko finalean, esaterako, jokatutako hiru partidak irabazi zizkion Astigarragari. Aurreko urteei begiratuta, 2014an Donostia izan zen txapelduna, 2013an Oiartzun nagusitu zen eta 2012 zein 2011n Hernanik irabazi zuen.