A. ARTOLA
DONOSTIA

Krisiaren alderdi gizatiarrena ekarri du Miren Garatek «Ekaitzaren zipriztinak» lanean

«Krisi esan zaion horren» alderdi gizatiarrena bildu nahi izan du Miren Garatek “Ekaitzaren zipriztinak” lanean. Liburua Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene Mujika bekaren laguntzaz argitaratu du kazetari azpeitiarrak (“Berria”-ko ekonomia sailean aritu da) eta, liburuan, hogei ataletan banatuta “krisi ekonomiko” izendatu denaren ondorioak bildu ditu. «Errepaso bat da, kontatu nahi izan dut ‘krisi’ hitzak niretzat eta orokorrean jendearentzat zer esan nahi izan duen», esan zuen Garatek liburuaren aurkezpenean.

Horretarako, Atik Zra, alfabetoko hogei hizki hautatu eta gai ezberdinak jorratzeko beste horrenbeste atal osatu ditu: Atzerrira joandakoak, Berdintasuna, Dibertsitate falta, Ekintzailetza, Finantzei lotutako engainuak... eta atal bakoitza, aldi berean, bitan banatu du. Lehenak lekukotasunak biltzen ditu, egoera horietako bakoitza pairatu duen pertsona erreal baten testigantza. Bigarren zatia osatzeko, gaia menderatzen duten hainbat aditurekin hitz eginda erreportaje bana osatu du Garatek. «Lekukotasunekin malgu jokatu nahi nuen, langabeziarekin kasurako, adibidez, berdin balio zidan kontratatzeko adin txarra zuenak edo lana borondatez utzi zuenak. Erreportajeekin, ikuspegi orokorragoa eman nahi izan dut», azaldu zuen. Zailena lekukotzak idaztea izan dela ere esan zuen: «Zintzo jokatu nahi nuen, kontatu zidatena zintzo azaldu».