A. KAMIO - A. ARTOLA
DONOSTIA
EUSKAL ZINEMAGINTZAREN ERREFERENTE BAT

Berak zabaldu zuen atea

Juanba Berasategik animazioa ekarri zuen Euskal Herrira. Betitik izan zuen arterako afizioa, egonezina, eta hari haren gaineko lanaren ekinez erreferentzia bihurtu zen. Bere «Kalabaza tripontzia» euskal zinemagintzan animazioan egindako lehenengo lana da, nahiz eta atzetik gehiago etorri diren. Atzo hil zen, ia ustekabez, 65 urte zituela.

Esan daiteke zenbait belaunaldirentzat –batez ere, berrienentzat– bere izena ez dela aski sonatua eta, ziur asko, bere lanek ere ez dutela behar bezain besteko oihartzunik izan. Baina Juanba Berasategi (Pasaia, 1951) euskal zinemagintzaren erreferentzia handietako bat izan da. Zergatik? Ate bat zabaltzen jakin zuelako eta, batik bat, hura irekita mantentzen. Berak ekarri zuelako animazioa Euskal Herriko zinemetara. Eta aitzindari bihurtu zen horretan, batez ere “Kalabaza tripontzia” (1985) filmari esker, euskaraz egin zen animaziozko lehen lan luzeari esker. Estetikari dagokionez, Berasategi Disneyren irudietara gerturatu zen, garai hartan goraldian zegoen marrazki japoniarra alboratuz. Gidoiak –Koldo Izagirrek egina– euskal folklorearen kultur ondarea izan zuen oinarri. Estilo grafiko ugari txertatu zituen Berasategik eta filmean elkargune komunez bat egindako era askotako historiak azaldu zituen, guztien narratzaile Kalabaza Tripontziko planetaren satelite bihurtu den agurea izanik. Lan hark Donostiako Zinemaldiaren Ohorezko Aipamena eman zion.

Baina lehenengo lan luze haren aurretik zuzendari pasaitarra laburrean aritu zen. 1977an sinatu zuen estreinako filma, “Ekialdeko izarra”, Zinemaldi berean estreinatua. Eta bi urte beranduago zuzendu zuen “Fernando Amezketarra”, animazio laburra hura ere. Urte berean Ikuska proiektuan parte hartu zuen, Nafarroan euskararen egoera aztergai zuen dokumentalarekin.

Tarte horren ondoren, Berasategik marrazki bizidunekin jarraitu zuen lanean, eta 1983an “Kukubiltxo” estreinatu zuen. 85eko “Kalabaza tripontzia”-ren ondorenean sortu zuen bigarren lan luzea, “Balearenak” (1991). Handik gutxira izan zuen “Ipar haizearen erronka” filmarekin eta Episa ekoiztetxearekin plagio afera bat, baina Arabako Auzitegiak eta gerora Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion Berasategiri. Film harekin Houstoneko Bideo eta Filmen Nazioarteko Ekitaldiko Urrezko Domina eskuratu zuen.

1997an Washington Irvingen “Tales of the Alhambra” liburuan oinarritutako “Ahmed, Alhambrako printzea” zuzendu zuen, Hungarian saritua izanik –2003an filmaren jarraipena egin zuen “Alhambrako giltza”-rekin–. 1998-1999 tartean “Lazkao Txiki” animaziozko telesaila zuzendu zuen, eta Txabi Basterretxeak eta Joxean Muñozek egindako “Karramarro uhartea” lanean muntaketa lanak egin zituen. “Txirrita” marrazki bizidunen saila ere burutu zuen.

2005ean Basauriko Nazioarteko Animaziozko Zinemaldiaren omenaldia jaso zuen eta, urtebete beranduago, Abbadia saria. 2009an, berriro Koldo Izagirrerekin batera, “San Adriango azeria” estreinatu zuen, Aizkorriko ikazkinak protagonista zituen lana. Hiru urte beranduago “Tormeseko itsumutila” telesaila aurkeztu zuen eta 2013an jaso zuen Donostiako Zinemaldiko Zinemira saria.

Euskal zinemaren bidea

Literatura munduan ilustrazio zenbait egin zituen Berasategik. Berriki, Ramon Saizarbitoriari eskainitako bibliotekako gaztelerazko aleen azalak egin ditu eta Koldo Izagirre adiskidearen azken bi lanen azalak ere berak eginak dira. Hainbatetan elkarrekin lan egindakoak izan dira bi pasaitarrak. Izagirre bera ausartu zen atzo esaten, Berasategiren heriotzaren berria jakin berritan, bera izan zela animaziozko zinema Euskal Herrira ekarri zuena. «Euskal zinema posible baten bidea erakutsi zuen, oso goiz».

Pasaiako badiako urek banandu eta batzen dituzten lurretan gaztetatik kolaboratu zuten biek elkarrekin. «Franco bizirik zen oraindik». Kartelak, testuak, eskultura posibleak... «Gaztetatik zeukan arterako zaletasuna. Parisen egon zen unibertsitate batean entzule bezala eta han teoria estetikoak ikasi zituen, jantzi zen pixka bat. Ikasi nahi eta egin nahi handikoa zen».

Bidelagun izan du Izagirrek askotan Berasategi. Bere lanez aritzerakoan, fantasia aipatu zuen idazleak eta zuzendariari buruz hitz labur bi: «Eskuzabala zenez eta bere buruari garrantzi berezirik ematen ez zionez, bere lana oso sakabanatua dago. Berak ere ez zuen gauzak gordetzeko zaletasun berezirik. Egitea gustatzen zitzaion eta egindakoa konpartitzea».

Bere heriotzak ezustean harrapatu zuen atzo euskal kulturgintzaren alorra. Duela egun gutxi jakin zuen Berasategik gaixorik zegoela. Ospitalean tratamendu bat jasotzen aritu ondoren, bere egoerak txarrera egin eta atzo hil zen. Joserra Senperenak, hunkituta, berari buruz esandakoak: «Dena oso azkar joan da. Derrepentean. Orain bost-sei egun jakin nuen gaixo zegoela. Ingresatu zuten, tratamenduari ez zion ondo erantzun eta… joan egin da. Berak ere orain hiru aste jakin zuen. Fulminantea izan da».

Bidean utzitakoak itzalak baino argiak dira, ingurukoek adierazitakoen arabera. Senperenak berak bost filmetan lan egin du Berasategirekin, azken hau zuzendari, marrazkilari edo ekoizle zela –Lotura films zuen ekoiztetxea–; «uste dut izan dudan lankiderik onenetarikoa izan dela: bere ingurukoak oso ongi tratatzen zituen; lankidea zen, ez nagusia. Oso giro ona jartzen zuen lantaldean. Tipo paregabea izan da».

Ustekabez eta atsekabetuta jaso zuten Berasategiren heriotzaren berri Euskadiko Filmategian. Atzo eguerdian bilkura izan zuten, zinemagilearen inguruan eztabaidatu eta omenaldi bat prestatzeko. Telefonoz, Joxean Fernandez harrituta agertu zen oraindik: «Hain ustekabekoa izan da... Juanba erreferentzia bat zen eta, zalantzarik gabe, merezitako omenaldia jasoko du. Oso garrantzitsua izan da gure historian. Ziurrenik ‘Kalabaza tripontzia’-ren emanaldia eskainiko dugu, baina oraindik ez dugu zehaztu noiz eta nola. Azkarra izan da».

Erakunde publikoetatik ere iritsi ziren dolumin mezuak. Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok «maisu batek utzi gaituela» nabarmendu zuen. «Berasategik lorratz sakona utzi du euskararen aldeko jarreran eta imajinarioan belaunaldi desberdinetan».

Lakuatik, bere aldetik, Bingen Zupiria Kultur sailburuak: «Juanba Berasategi aitzindaria izan zen animazioa euskal zinera eramaten, eta oso ibilbide oparoa izan zuen arlo honetan. Bere lanek eduki zuten oihartzunaz gain, nabarmentzekoa da hauen kalitatea. ‘Fernando Amezketarra’, ‘Kalabaza tripontzia’ edota ‘Lazkao txiki’ euskaldunon oroimenean dauden lanak dira. Ekarpen aparta egin zion euskal zinemagintzari, eta oso galera handia da euskal kulturarentzat», esan zuen.

EITBk ere bere dolumina agertu zuen atzo.

Alderdi politikoetatik ere heldu zen Berasategiren heriotzari buruzko mezurik. EH Bilduk igorri zuen horietako bat: «Euskal zinemagintzako erreferente handi bat joan zaigu. Doluminak eta besarkada bana Juanba Berasategiren senide eta lagunei».

Atzo arratsaldean jende andana hurbildu zen Errenteriako beilatokira Berasategiri azken agurra ematera, senide eta lankide eta lagun izan zituen aurpegi ezagun ugari. Guztiak, berak zabaldutako ateaz bestaldera begira oraindik. Zinemak gozo har dezala.

 

«Nur» azken filma eta Altzon egindako ibilbidea

Juanba Berasategik –guk dakigula– bi proiektu amaituta utzi ditu hil aurretik. Bata, azken filma, “Nur eta herensugearen tenplua” orain aste batzuk bukatu zuena. Toti Martinez de Lezeak haurrentzat sortutako Nur pertsonaia oinarri hartuta, bere abenturak pantaila handira eramateko anbizioa izan du azken denboran Juanba Berasategik. Eneko Olasagastik eta Martinez de Lezeak berak egokitutako gidoia izan du oinarri eta Joserra Senperenak egin ditu soinu banda osatzeko lanak. «Orain hiru hilabete bukatu genuen ‘Nur’. Maiatzaren bukaeran estreinatuko da. Estreinaldi postumoa izango da –hasperen egin du–. Proiektu asko zituen. Hor geratu dira, ez dakit nork jarraituko dituen, jarraitzekotan».

Zinemarekin loturarik ez, baina euskal kultur ondarearekin bazuen zerikusia Koldo Izagirrerekin batera Altzoko Handiari eskainita osatutako ibilbiderako diseinatu zituen panelek. Hura ere maiatzean zabaltzekoa dela aurreratu zuen Izagirrek.A.K.