GARA
GASTEIZ

Buztinezko taulatxoetatik liburu elektronikorainoko bidea

Liburua gizakien asmakizun nagusietakoa da. Historia, kultura, zientzia, filosofia… atxikitzeko eta hedatzeko bidea izan da. Eta, horregatik, buztinezko taulatxoetatik hasita liburu elektronikorainoko bidea erakusten du Artiumeko «Liburua, kulturaren lekuko» erakusketak.

“Liburua, kulturaren lekuko” erakusketaren bidez Artium Gasteizko arte garaikideko museoak «gizakiaren sorkuntza garrantzitsuenetakoa» denari, liburuari, omenaldia egin nahi izan dio. Erakusketa Liburuaren Egunaren aitzakian zabaldu zuten eta irailaren 17ra arte egongo da ikusgai, Mintegi aretoan.

Museoko arduradunek gogora ekarri dute antzinako Mesopotamiako buztinezko taulatxoetatik egungo gailu elektronikoetaraino, liburuak funtsezko zeregina izan duela zientzia, historia, filosofia, arte eta, oro har, kulturaren kontserbazio eta transmisioan. Erakusketaren komisario Elena Roseras-en hitzetan, Artiumen liburuaren historiari buruzko zenbait argitalpen daude ikusgai, «bai eta liburuaren garai zenbaiti buruzko datu interesgarriak eskaintzen dituzten panelak eta liburu artistikoei buruzko iruzkin bat ere».

Erakusketako panelek azaltzen dute, adibidez, Mesopotamian inprimatu ziren lehen euskarrien erabilera; alegia, idazkera kuneiformedun buztinezko taulatxoak. Sistema hori K.a. laugarren milurtekotik aurrera garatu zen eta lehen liburutegiak ekarri zituen, bai eta artxibatze sistema moduko bat ere, hala nola Niniveko liburutegikoa, non 30.000 taulatxotik gora biltzen baitziren, generoen arabera sailkaturik.

Buztinezko taulatxoak, pixkanaka, papirozko bilkariekin ordeztu ziren; bilkari horiek ohikoak izan ziren Egiptoko antzinako kulturan, eta Grezia eta Erromaren garaietaraino iraun zuten, hor sortu ziren lehen liburutegi publikoak.

Erromatar inperioa jausi zenean, monasterioak bilakatu ziren kultura zentro nagusi, eta bertako liburutegietan papiroak egurrez azaleztatzen zituzten eta horrela, kodexak egiten. Gero, XII. eta XIV. mendeen artean, Europan, arabiarrek ekarritako paperaren erabilera hedatzen joan zen pixkanaka. XV. mendearen erdialdean, inprenta asmatzeak liburua komunikabide unibertsal gisa hedatzeko iraultza ekarri zuen.

Liburuaren bilakaera erruz lasterragotu zen XIX. eta XX. mendeetan, industria iraultzarekin eta teknologia aurrerapenekin batera, harik eta, XXI. mendean, liburu elektronikoaren euskarriak agertu eta hedatu ziren arte. Beste aldetik, arte bisualetako egungo artistek ere beren egin dute liburua sorkuntzetarako euskarri gisa. Halatan, Artiumen liburutegiaren erakusketak leku bat egiten dio fenomeno horri, abiapuntutzat Marcel Duchamp artistaren “Boîte-en-valise” obraren irudi bat hartuz. «Liburuaren itxura materiala gizarte egoera berrien eta zibilizazioen ezaugarrietara egokitzen joan da, informazio beharren arabera, eskura zeuden materialen arabera, zientzia eta teknologiaren aurrerapenen arabera. Liburuaren historia idazkuntzaren eta horretarako erabili diren euskarrien bilakaeraren historia da», nabarmendu dute Artiumen.