GARA
DONOSTIA

Lakuari metroa gelditzeko eskatu eta horrekin batzera deitu du Satorralaiak Udala

Halaber, Antigua auzoan abiatutako lehen desjabetzeak bertan behera uzteko eskatzeko 300 helegitetik gora aurkeztu zituen atzo plataforma herritarrak. Izan ez den eztabaida publikoa egin beharra berretsi du.

Donostiako erdialdetik igarotzekoa den metroaren aurka 300 helegite aurkeztu zituen atzo Satorralaia mugimenduak, Lakuak hiriburuan duen ordezkaritzan. Zehazki, Gasteizko gobernuak Antigua auzoan abian jarri duen desjabetze prozedura eta proiektua bera bertan behera utz ditzala eskatzen diote bizilagunek. Halaber, Donostiako Udalari ere 104 bizilagunek izenpeturiko eskaera aurkeztu zioten, herritarren helegiteak aztertu eta desjabetzea eteteko eskaerarekin bat egin dezan.

Helegiteetan salatu dutenez, «metroaren igarobideko lehenengo desjabetze prozedura honek Antiguan hartzen dituen jabari publikoko eremuen okupazioak herritar guztion ondare komuna diren hainbat ondasuni kalte egiten die»; horien artean dira Benta Berriko kiroldegiaren ondoan «erabilera handia» duten ekipamendu komunitarioko jolas-eremuak, Benta Berriko plaza, Zarautz etorbideko eta Eugenio Imaz kaleko bide publikoak, Pio Paroja kiroldegiaren alboan dagoen Izurun plaza, baita Aizkorri kalean eta Mikelete Pasealekuan kalteturiko sail txikiagoak ere.

Gainera, Satorralaiak eransten duenez, mahai gainean jarri diren «nahitaezko desjabetzeak ez dira bidezkoak, metroaren pasanteak ez duelako beharrizan sozialari dagokionez behar bezalako justifikaziorik, ezta zuzenbidez behar bezalako legezko babesik ere».

Alde batetik, proiektuak ez du «behar den bezala» Ingurumen Inpaktuaren Ebaluaketaren prozedura bete, Satorralaiaren esanetan, eta bestetik, garraio proiektua ez dago jasota indarrean dagoen EAEko Trenbideen Lurralde Plan Sektorialean, ezta Donostiako hirigintza plangintzan ere.

Azkenik, «gizartearen parte hartzeari erakundeek jarritako oztopoak eta Donostian garraio publikoa sustatzeko dauden beste alternatiben aurrean lur azpiko metro bat eraikitzeko erabakiaren justifikazio falta» nabarmendu zituen atzo mugimenduak.