GARA
SKOPJE

Mazedoniako 30 diputatu bahituta izan dituzte krisi politikoaren harira

Ehunka manifestarik kanpaleku bat antolatu zuten atzo Mazedoniako Parlamentuaren aurrean, Poliziak eraikina uztera behartu ondoren. Ganberako presidente berri albaniar etniako Talar Xhaferi aukeratu izanak eragin du alderdi eskuindarreko jarraitzaileen haserrea.

Ostegunean larriagotu ziren istiluak, Parlamentuak bere ohiko batzarraldia bukatu ondoren SDSM alderdi sozialdemokratak eta ordezkaritza duten hiru formazio albaniarrek Talat Xhaferi DUI alderdiko ordezkaria ganberako presidente izatea onartu zutenean.

Albaniar etniako herritarrak Mazedoniako populazioaren laurden bat badira ere, mazedoniar askorentzat iraingarria da Parlamentuko presidentea etnia horretakoa izatea.

«Legez kontrakoa» izan zen Xhaferiren hautaketa, «estatu kolpea», ordu bero haietan eskuindarrek esan zutenez.

Giro horretan, berrehunen bat lagun Parlamentura sartu eta mendean hartu zuten eraikina. Zoran Zaev SDSMko burua bera zauritu zuten erasotzaileek, beste bi diputaturekin egin zuten moduan. Gainera, alderdi sozialdemokratako eta talde albaniarretako 30en bat diputatu bahitu eta bulego txiki batean sartuta eduki zituzten.

Poliziak hiru ordu behar izan zituen parlamentariak askatzeko. Dozenaka lagun atxilotu zituen. Parlamentuan izan ziren borroketan ehunen bat lagun zauritu zituzten.

Mazedoniako krisi politikoaren azken kapitulua iazko abenduaren 11n hasi zen, bozketa parlamentarioak egin zirenean. VMRO-DPMNE eskuineko alderdiak lortu zuen garaipena, sozialdemokratek baino bi diputatu gehiago eskuratuta. Baina eskuindarrak ez dira gauza izan DUI alderdi albaniarrarekin berriz ados jartzeko (eskuindarren aliatu izan zen aurreko agintaldian) eta Gobernua osatzeko moduko aliantza bat eratu ezinik geratu ziren.

Ivanoven arrazakeria

Kontserbadoreen ezgaitasuna ikusi ondoren, Gjorge Ivanov presidenteak (eskuindarra bera ere) SDSMko buruari eskatu beharko lioke Gobernua osatzeko (albaniarren babesa lortua du Zoran Zaevek), baina ez du horrelakorik egin nahi, halako Exekutibo batek Mazedonia apurtu egingo lukeelakoan. Ivanovek esan du Edi Rama Albaniako lehen ministroak bultzatu duela sozialdemokraten eta albaniarren arteko aliantza.

SDSM alderdiak lasaitasuna eskatu die herritarrei, «Mazedonia bere historiako erronka handienaren aurrean dagoenean». Sozialdemokratek erantsi dute «Nikola Gruevskiren erregimenaren babesa zuela Parlamentuko indarkeria gertaerak».

Gjorge Ivanov Mazedoniako presidenteak alderdiburu guztiak elkartu nahi zituen atzo, Parlamentuan bertan, egoera baretzeko eta krisiari zein irtenbide eman adosteko.