Idazlea

Liluraren kontra

Paretek hitz egiten zuten herrian sortu ginen, pintadekin hazi ginen, afixekin, eskuz margotutako muralekin. Atxilotuen aldeko elkartasuna, edo borrokan hildakoen oroimenez atondutako karrikak gure urratsen epizentro izan ziren noizbait. Berdin zioen hauteskundeetarako kanpainari laguntzeko izan, emakumeek jasaten zuten zapalkuntza salatzeko (bai, luze doa salaketa, luzeegi), urruneko herriekiko elkartasuna adierazteko edo errepresioa errefusatuz speed eta heroinaren erabilpen poliziala agerian uzteko. Margoak eguneroko paisaiaren zati ziren Euskal Herriko toki anitzetan. Legeak sortu zituzten, ordea, pintadak ezabatzeko, afixak kentzeko, muralak estaltzeko eta haien trukean mamarratxoak uzteko petatxoak bailiran; udaletako araudiak, diputazioetakoak, foralak, autonomikoak, erregionalak, departamentalak, nazionalak; berdin dio araudirik bazen edo ez, kontua da beti izango zela aitzakiaren bat aginteak gustuko ez zuena herritarren bistatik kentzeko. Eta horrela ailegatu gara honaino, tartean-tartean mural historikoren bat gelditzen dela hor nonbait, salbuespen gisa, gero eta gutiago gelditzen zaigun oroimenaren lekuko; egun, margoketak baino indar gehiago baitu ezabaketak. Hautsak harrotu ditu Donostian Mikel Laboa eta bere “Liluraren kontra” kantuaren esaldia islatzen zuen muralaren ezabaketak. Eneko Goia alkateak dio ez dela bere ardura, ez duela berak agindu. Ikusteke herritar batek salaketa jarri ote duen. Kontrako justizia poetikoa izango da, mural eder hori ezabatu dutenak liluraren kontra daudela argi dago eta.