GARA
SOFIA

Eskuin-muturra Bulgariako Gobernuan sartu du Borisovek

Abertzale Batuak izeneko eskuin-muturreko koalizioa Gobernuan sartu du Boiko Borisov kontserbadoreak. GERB Bulgariaren Garapen Europarraren aldeko Herritarrak izeneko formazioak bozketak irabazi zituen martxoaren 26an (96 ordezkari 240 eserlekuko Parlamentuan, aurreko agintaldian baino 12 gehiago), eta azkenean eskuin-muturraren alde egin du, Gobernua osatu ahal izateko.

Atzo, hirugarren aldiz lehen ministro kargua eman zioten Boiko Borisovi, Parlamentuan egindako bozketaren bitartez: aldeko 134 boto (kontserbadoreak eta eskuin-muturra) eta kontrako 101 (sozialistak eta turkiar gutxiengoaren ordezkariak) izan zituen.

Abertzale Batuek aurreko legealdian ere babestu zuten Borisoven Gobernua, baina kanpotik. Ijitoen, musulmanen eta migratzaileen aurkako gorrotoa botoak biltzeko erabiltzen duen formazio politikoak zertxobait aldatu egin du bere mezua, alde erradikalenak alboratu eta aurpegirik onena eskaini nahian. Europaren aldeko mezuak ere eskaini zituzten azken kanpainan, irudi txarra atzean utzi nahian. NATOn segitzea ere onartu dute.

«Turkiar mehatxua»

Baina joera xenofoboa ez dute aldatu. Hauteskundeak egin baino egun batzuk lehenago, Krassimir Karakatchanov eta Valeri Simeonov alderdiko politikariek Ankarako agintariek hauteskunde prozesua sabotatu egin nahi zutela salatu zuten, «turkiar mehatxua» baita gehien gustatzen zaien argudioa. Gauza bera gertatzen da «ijitoen delinkuentziarekin».

Hemendik aurrera Borisoven Gobernuko lehen ministrorde izango dira bi politikari xenofobo horiek.