2017/05/19

Erreportajea
 
Ikasle, guraso eta irakasleak elkarlanean, Lomce-ri «esker»

Lomcek badu alde on ttiki bat: hezkuntzaz arduratzea ekarri du. Ikasle, guraso eta irakasleak bildu eta antolatzea. Ikastetxeak planto bete-betean direnean, errebalidak eteteko EH Bilduren proposamena baztertu dute EAJ, PSE eta PPk Gasteizko Legebiltzarrean.

Maider IANTZI
0519_eh_lomce

Hezkuntza Plataformen Topaguneak eta Ikasle Abertzaleek (IA) hezkuntza komunitatearen aldarria eraman zuten atzo Gasteizko Legebiltzarrera, alderdiek jakin zezaten Lomceri planto egiten ari direla. Elkarretaratzearen unean, EH Bilduren ekimenez, errebaliden kontrako legez besteko proposamena eztabaidatu zuten alderdi politikoek Parlamentuan.

«Esanguratsua izan zen ikasturte hasieran PSEk esan zigula bera boterean egongo balitz Heziberri gelditzeko konpromisoa hartuko lukeela», adierazi zion GARAri Samuel Pasadin Laudioko bigarren Batxilergoko ikasle eta IAko kideak. Ez zuen Lomceren azterketak eteteko ekimena babestu, ordea. Ezta EAJk ere. Elkarrekin Podemosek soilik egin zuen alde, eta ez zen aitzinera atera.

Pasadinek kontatu zuenez, euritan egon arren, giro polita izan zuten elkarretaratzean, ikasle, guraso eta irakasleak elkartu zirelako. «Plantoetan gaude bete-betean eta komentario guztiak horri buruz izan dira: ‘Ikastetxe honetan planto egitea lortu dugu’, ‘bihar beste zentro honetan dago azterketa’… Oso polita izan da guraso eta irakasleekin eguneratu garelako».

Bigarren Batxilergoko ikasle honen iritziz, premiak ekarri du elkarlana. «Ikasturte hasieratik geneukan entzunda errebalida zetorrela, eta iritsi da momentua. Desinformazio oso handiarekin ari gara lanean. Oso elkarlan berezia izaten ari da. Niretzat ez da ohikoa gurasoak eta irakasleak ikasleekin lanean ikustea. Irakasleak ikastetxe barrutik badauka lan bat. Ikasleon zeregina planto hau lehen lerroan garatu eta borrokatzea da. Eta gurasoen inplikazioa ere gakoa da. Gasteizen astelehenean bi ikastetxetan egon zen errebalida eta ikasleak saiatzen ziren gelatik ateratzen, ordenagailuak amatatzen, ikastetxeak husten… Eta gurasoak kanpoan zeuden babesten. Ez da 16 urteko gazteen erokeria; gurasoak kanpoan daude ez dutela azterketa egin nahi esaten».

Ikasle Abertzaleetako Arabako arduraduna da Samuel eta plantoa diseinatzen ibili da. Dioenez, antolaketan, kontra dute desinformazioa. «Batzuetan zuzendaritzari oharra iritsi eta honek erabakitzen zuen ikasleriari jakinaraztea. Baina badira sekretupean gorde duten zuzendaritzak ere eta lan gehigarria da informazioa harrien azpian bilatzea. Eusko Jaurlaritzak azken momentuan eman digu informazioa, gu frenatzeko».

Izozmendiaren punta

Kanpo azterketa hauek izozmendiaren punta direla ohartarazi du ikasle laudioarrak. «Hirugarren ikasturtea da Lomce aplikatzen ari direna eta, ikusgarriena azterketak badira ere, curriculuma, edukiak eta metodologia ere aldatu dira. Ordutegia eta testuliburuak aldatu dira, baina zaila da sumatzea, pixkanaka egin dutelako». Adibidez, Filosofia lehen derrigorrezkoa zen eta orain aukerakoa da. Mingarria iruditzen zaio eta gogoan du Filosofiako irakasle bati aditutakoa: «Filosofiak pertsonak errealitatearekiko kritiko nahi bagaitu eta filosofia kendu nahi badute, argi dago asmoa kritikotasun hori ezabatzea dela».

Aurten Selektibitatera aurkeztuko da eta «oso arrotza» egiten zaio nota zehatz bat behar izatea bere ametsa izan daitekeen karrera ikasteko. «Guretzat jada zaila da bidea, oztopoz betea. Zenbakiekin neurtzen gaituzte, eta horri errebalidak gehitzen dizkiote. Onartezina da». Baina Lomceren alde onarekin gelditzen da: «Elkarlana eta komunitate antolatu bat dago hemen, benetan ulertu duena hezkuntzarekin ezin dela jolastu eta gure hezkuntza propiotik eraiki behar dugula gure herria». Antolaketa horren isla dira ikastetxe batean eta bertzean ikusten ari garen plantoak: Hernaniko Langile Ikastolan, Barakaldoko Beurko ikastetxean, Santurtziko Axular Institutuan, Gasteizko Unamunon, Bilboko Deustuko Ikastolan... Eta hala jarraitzeko deia egin dute IAk eta Hezkuntza Plataformen Topaguneak.