A.K.
donostia

«Arakistainen bidea», surrealisten antologia surrealista

Surrealisten bizipen eta testuez osatutako antologia surrealista aurkeztu du Fito Rodriguezek «Arakistainen bidea» (Txalaparta) lanarekin. XX. mendeko hainbat idazleren poemak bildu ditu bertan, errealitate sarri ulergaitzari erakutsi zioten koherentzia azalean jarriz.

Luis Arakistain da abiapuntu abizena izenburuko lehen lerroan jarri duen Fito Rodriguezen lan berrian. Arakistain Espainiako Errepublikako enbaxadore izan zen Alemanian, nazismoaren sorrera garaian, eta diplomatiko lanak utzi gabe, antifaxistentzako armak erosten lagundu zuen Estatu frantsesean, frankisten kontrako gerra piztu zenean. Giro horretan sortu zen Sonia, bere alaba, marrazkilari surrealista. Biluzik eta desamodioak jota, bere buruaz beste egin zuen Soniak Londresko bere etxearen hirugarren solairutik jauzi eginez. Bere azken bidaiaren xerka, Fito Rodriguezek XX. mendeko poesia surrealistaren antologia surrealista apailatu du “Arakistainen bidea” (Txalaparta) lanean.

«Surrealismoaren bidea irudikatzen dut honekin, goitik behera. Goitik behera esaten dugunean esan nahi dugu hain zuzen ere hondamendira doala zerbait. Baina absurdoaren bidez surrealismoak erakusten du gure mundua, gure bizitza hondamendira doala eta goitik behera begiratu izan du beti», aipatu zuen atzo idazleak. Liburu honekin trilogia bat amaitutzat ematen du, argitaletxe berberarekin “Magrittek es omen zuen pipatzen” eta “Jeu de Paume” plazaratu ondoren.

«Surrealismoak ematen digu iraultzarako aukera bat eta bizitza ikertzeko bide bat. Eta zein da hori? Hain zuzen ere, errealismoaren kontra, politika instituzional eta burokratikoen kontra ikuspuntu bat. Ikuspuntu aldaketa bat», adierazi zuen.

Rodriguezek nabarmendu zuenez, «ohiko ikuspegi iraultzaileen aldetik, lehenago egin behar da iraultza eta gero bizitza aldatu. Surrealistek planteatzen zuten bizitza aldatu behar dela iraultza egin ahal izateko». Ildo horretan bildu ditu hainbat idazleren poemak bere lan berri honetan, «literatura eta poesia hausnartzeko bideak direlako». Euskaratu dituen idazleen artean dira Aime Cesaire, Rene Char, Joyce Mansour, Robert Rius, Jaques Prevert, Unica Zurn edo Andre Breton, besteak beste.