Ion Fontenla Sukia
KOLABORAZIOA

Lurra iraintzen duenak bere burua iraintzen du

Gizakiaren hazkundeak, Bengalako tigrearen habitat naturalen murriztea ekarri du, gaur egun galtzeko arriskuan dagoen tigre espezie hau soilik zenbait herrialdetako eremu babestuetan aurkitzen da. Dokumentaletan gisa honetako espezieak ikusten ditugun bakoitzean bihotza hunkitzen zaigu, eta zerbait gehiago egin genezakeela pentsatzen dugu. Baina ez daukagu Indiara edo Birmaniara joan beharrik tigre honen egoera berean dauden espezieen bila. Gipuzkoako babesguneetako animalien ekosistemak egunetik egunera mugatuago ditugu, eta esaterako, ugatza Gipuzkoatik botatzear gaude. Gaztelaniako «Quebrantahuesos» izenarekin are ezagunago den eta Erkidegoan soilik Aralarren bizi den hegaztia galtzeko arriskuan dauden espezieen artean dago.

Ugatza gizakion eraginarekiko oso sentikorra den espezie bat da, eta hegazti honen zein beste edozein animalia babesturen eremu askea murrizten dugunean gizakion presentzia handituz, animalia hauen portaeran eta ohituretan aldaketak sortzen ditugu, estres fisiologikoa deritzona, zenbait kasutan gainera beraien bizilekutik alde egitera behartuz eta ondorioz espezieen galera eraginez. Gizakion eraginaren ondorioz Aralartik alde egitera behartzen ditugun espezie hauek ziurrenik ez dira betiko galduko, beste eremuren batean ere egon daitezkeelako, baina geurea izango da espezie hauek geure ingurunetik desagertzearen ardura eta ondorioz etorkizun batean behin betiko galtzearen errua.

Aranzadi Zientzia Elkarteak Gipuzkoako Batzar Nagusietako agerpenean adierazi bezala, Aralarko pista proiektu famatuak bertako ekosistemetan «itzulerarik gabeko eragin latzak» sortuko ditu. Baina Batzar Nagusien gehiengoak (EAJ, PSE eta PP), zein aldeko botoa eman duten herrietako ordezkariek, nekazari sindikatuen laguntzarekin, zientzia elkarte prestigiodunari bizkarra eman eta hurrengo faseak aurrera eramateko planifikazioa eta finantziazioa onartu dute. Ulertezina da Natur Parkeko legedia betetzeko ardura duen instituzioak legedi horren aurka doan proiektu bat babestea, eta are ulertezinagoa da proiektu honek Aralarko habitat eta biodibertsitatean izango lituzkeen eraginak aztertu gabeko proiektua babestea.

Ingurumen kudeaketaz gain, Aldundiak babesten duen larreen kudeaketak ere zeresana eman du. Esaterako, Teledetekzio metodoei esker ikusi da Aralarren gero eta harkaitz gehiago dagoela, hau da, Aralarko larreen azalera murriztu egin dela azken urteetan. Hau jakinda, Enirio-Aralar Mankomunitatea Aralarko goi-lurretan 14 futbol zelairen azalera hartuko lukeen larre eremua pista bihurtzear dago. Baina hau ez da dena, Aralarren larre gutxiago izango dugun bitartean, Mankomunitateak ganadu karga igotzea onartu du (2003ko kudeaketa planean egokitzat ezarritakoa igoz). Aralarren hausnarketa sakon bat egiteko momentua iritsi dela iruditzen zait. Zein nekazaritza sistema nahi dugu? Larreen ustiapen gorena eta abeltzainen erosotasuna soilik bilatuko duena? Edo artzaintza tradizionala babestu eta ingurumenarekin orekan garatuko dena? Gainera, garbi dago Aralarko larreak paisaia zoragarria direla, baina agronomiaren ikuspuntutik larreak eta basoak tartekatuago egon beharko lirateke. Horrela, gaur egungo arazo larrienetarikoa den higadura gutxituko genuke, lurrak eta larreak aberastuko genituzke eta ganaduari zein animalia basatiei babesa eskainiko genieke.

Gipuzkoako Foru Aldundia Natur Parkea gidatzeko gaitasun falta ikaragarria erakusten ari da, legedia ez errespetatzeaz gain, denon ondare den natur ingurunea arriskuan jarriz. Gainera, proiektu honek gatazka sozial bat sortu duela ikusita, konpontzen saiatu ordez gatazka elikatzen jarraitu du bide-sare guztia onartuz eta finantzatuz. Abeltzainek proposatu- politikariek onartu, dinamika honekin jarraitzen badugu, Aralarko gainontzeko erabiltzaileek hitzik gabe jarraituko dute. Euskal Herrian esparru guztietako adituak ditugu (biologoak, nekazari ingeniariak, geologoak, ornitologoak,… ), eta beraiek dira abeltzainentzat zein habitaten kontserbazioarentzat irtenbiderik egokienak aurkitzeko jakintza eta gaitasuna dutenak, Aralarrerako hoberena zer den dakitenak, zergatik ez dugu beraiengana jotzen?

Bengalako Tigreak zein Aralarko ugatzak, ez dute beraien eskubideak aldarrikatzeko ahalmenik, gu gara hori egiteko gai garen bakarrak. Aralarko Natur ondarearen aurkako eraso historiko baten aurrean gaude eta ezin gara geldirik geratu, eman dezagun libreki geure iritzia udaletan, elkarteetan edo lagunartean, oraindik proiektua geratzeko garaiz gaude eta.