GARA
DONOSTIA

Hezkuntzako langileak eta Lakua aurrez aurre hileko bigarren greban

Martxoaren 22a, maiatzaren 16a eta 20a... Gorriz markatutako data ugari daude azkenaldian hezkuntzako langileen agendan, baita ikasle eta gurasoenean ere. Atzo ere milaka lagunek egin zuten bat grebarekin eta hainbat ikastetxe itxi eta manifestazioak egin zituzten. «Jarraipen zabaleko» bertze mobilizazio baten bidez, LAB, ELA eta Steilasek «proposamen zehatzak» exijitu zizkioten Lakuari. «Lan baldintza onenak» dituen kolektiboa direla erantzun zien honek.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan maiatzeko bigarren greba egin zuten atzo, LAB, ELA eta Steilasek deituta (CCOO ez zen antolatzaileen artean izan, aitzinekoan bezala). Aurreko mobilizazioetan bezala, lau kolektibok parte hartu zuten: irakasleek, Hezkuntza Bereziko langileek, Haurreskolak Partzuergokoek, eta sukaldari eta garbitzaileek.

Sindikatuek agertu zutenez, kasik 30.000 langile zeuden protestara deituta, eta «erabateko gehiengoak» egin zuen bat, martxoaren 22ko eta maiatzaren 16 eta 20ko greba eta protestei segituz. Familien babesa ere izan zuten. Haurrak eskutik hartuta joan ziren guraso aunitz hiriburuetako manifestazioetara. Hezkuntza Saila izan zuen greba honek ere jo puntu. Eskaerak, aitzinekoetako berdinak: inbertsioa, plantillak eta baliabideak handitzea; behin-behinekotasuna gutxitzea; gelako ikasle kopurua ere bai; soldata, ordezkapen, baja eta erretiroetan ezarritako murrizketak alde batera uztea... Horretaz guztiaz gain, ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzeko eta Lomce eta Heziberri bertan behera uzteko exijitu zuten.

Kurtso hasiera «oso gogorra»

Hezkuntza sistemaren diagnostikoa «larria» da sindikatuentzat, eta horri irtenbidea emateko «proposamen zehatzak» eskatu zizkioten Cristina Uriarteren Sailari.

Hobetzeko pausorik eman ezean, heldu den ikasturte hasiera «oso gogorra» izango dela abisatu zuten LAB, ELA eta Steilasek. «Gobernuak arduragabe jokatzen badu, ez dugu greba eta mobilizazioekin jarraitu beste erremediorik izango», berretsi zuen ELAko Hezkuntza arloko arduradun Xabier Irastorzak. «Gure seme-alaben oraina eta etorkizuna daude jokoan».

Lakuak arduragabetzat jo izan ditu, eta horri erantzunez, Irastorzak galdetu zion ea arduragabea iruditzen zaion 27.000 ikasle gehiago matrikulatu direla kontuan hartuta, 2.000 lanpostu gehiago eskatzea, edo ordezkapenak lehen egunetik egitea exijitzea.

«Lan baldintzarik hoberenak»

Joan den asteartean gertatu zen gisan, Josu Erkoreka Exekutiboaren bozeramaileak erantzun zien LAB, ELA eta Steilasi. Berriro ere erran zien ez duela grebarako arrazoirik ikusten, nahiz eta eskubide hori errespetatzen duen. Eta ez du motiboa ulertzen, bere hitzetan, «EAE osoan lan baldintzarik onenak dituen kolektiboa» delako irakasle eta hezkuntzako gainerako langileena. Ez du ulertzen «OPErik handiena» izanda hain «gatazkatsua» izatea.

Zifrei dagokienez, ohi bezala ez ziren bat etorri Gobernua eta sindikatuak. Irakasleen %41ek jarraitu zutela jakinarazi zuen Exekutiboak. Azaldu zuenez, segidarik handiena Haurreskoletan izan zuen: %63,7k babestu zituzten protestak. Hezkuntza Bereziko langileei dagokienez, %48,76ko zenbakia eman zuen, eta sukaldari eta garbitzaileei dagokienez, %43,75ekoa. Deitzaileek aitortu zuten ez dutela «zifren gerran» sartu nahi, baina jarraipena aitzineko mobilizazioen parekoa izan zela segurtatu zuten (%80 ingurukoa).