Lander GARRO
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Gure etxeko gereziondoa

Manchester. 22 hildako. Lanturuak, oihuak, doluak, mehatxuak: dena bere horretan uzteko promesak. Polizia gehiago. Poesia gutxiago. Erreparatu al diozue? Beti dago bertso gutxiago, polizia gehiago dagoen tokietan: zerbaitengatik izango da. Bonba bakoitza da zuretzat eta niretzat ekimen txiki bat gutxiago, botere metro bat gehiago haientzat. Lizun bat gero eta handiagoa munduaren edertasunean. Gure etxeko gereziondoak inoiz ez bezala eman ditu gereziak aurten, ordea. Etxearen atzealdeko atetik irten eta eskua luzatu besterik ez daukat haiek aleka jaten hasteko, goxokiak balira bezala. Azken 10 urteotan idorra, urria, mizkina izan den zuhaitza, hara non agertu zaigun, ezustean, inoizko oparotasun handienean. Esango didazue: hasi zaigu sinboloekin. Utikan metaforak! Baina egia gordina ari natzaizue kontatzen: mundua amiltzear den honetan, poetak gimnasioetan trumilka galdu diren bitartean, nihilismoak behinolako idealismoa irentsi duen honetan, nire etxeko gereziondoa fruituz bete da. Oparotasun asimetrikoa. Odol koloreko malkoak dira gereziak, segun nola begiratzen dituzun. Adarren negarra dira, zuhaitzak dilema bat paratu izan baligu bezala: zuek amore ematen ari zareten honetan, guk erretagoardian segitzen dugu; gizakiarenak egingo du, baina zuhaitzok eta mendiok eta ibaiok hemen segituko dugu beti. Egia biribila da, ostera, gure zuhaitzeko gereziak bezala.