Alfontso DIEZ

Undaren beste Jokoak

Maider Unda Olinpiadak antolatu ditu Aramaioko Udalak, herriko kirolari handiari –borroka librean lorpen garrantzitsuak ditu– omenaldia egitearren. «Kirol profesionalean egin duen ibilbidea goraipatu nahi dugu. Momentuero harrotasunez eraman ditu Oleta eta Aramaio izenak munduan barrena», azaldu zuten atzoko aurkezpen ekitaldian.

«Bere ahalegin, diziplina eta sakrifizioa aitortu nahi ditugu, eta emakume eta baserritar izaerak goraipatu», nabarmendu zuten Udaleko ordezkariek. Hori guztia herritarrekin elkarbanatu nahiak ekarri du Joko Olinpikoon antolaketa.

Egitaraua biribiltzeko, Udalak herriko kirol talde ezberdinen laguntza izan du. «Horrela, talde hauetan egiten den lana kaleratu eta ezagutaraztea» ere helburutzat hartu du.

Jada hasi dira Jokoak, mus eta briska txapelketarekin, eta Eskola Kiroleko amaiera jaiarekin segituko dute etzi. Ekainaren 10ean hockey erakustaldia prestatu dute; uztailean, ping-pong, sokatira eta BTT sariketak; irailean, mendi martxa; urrian, 3x3 saskibaloi lehiaketa; azaroan, pilota eta frontenis txapelketak; eta abenduan, herri lasterketa eta omenaldia Undari (15ean izango da).