Maider IANTZI
DONOSTIA

Gazte ekintzaileak arrakastaz prestatzen ari da Leinn gradua

Nola lortuko dugu gazteek ekintzaile kultura handiagoa izatea eta eragitea? Galdera horri erantzunez sortu zuen Leinn gradua Mondragon Unibertsitateak duela zortzi urte. 150 lagun graduatu dira jada eta 14 enpresa sortu dituzte. Goazen horietako bi ezagutzera.

Ander Rozas berrobitarrak aitortzen du ez zela sobera ikasle ona. Hezkuntza eredu tradizionala ez zen beretzat, eta Batxilergoa amaitzean Mondragon Unibertsitatearen Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua (Leinn) ezagutzeak aukerak zabaldu zizkion. «Eredu berri hau hobeto zetorkion nire izaerari eta hori esaten dut erakutsi dizkidan gauzak aplikatu ditudalako gero».

Baiba The Kitchen sortu dute lau bazkidek. «Sukalde zentral bat da. Bi osagai nahasten dituzte bertan: pertsonak eta elikadura. Produktu, testura eta negozio eredu berriak sortzen ditugu nekazaritzako elikagaien industriari balioa emateko. Zergatik? Pentsatzen dugulako osasuntsu jan behar dugula guztiok, era jasangarrian, eta ez dagoelako aukera onik horretarako. Horrek mugitzen gaitu», adierazi du.

Egiten dutenaren adibide gisa jarri du Baiban sortutako The Juicy Community enpresa. Hotzean prentsatutako teknologia erabiltzen dute zukuak egiteko, fruitu eta barazkien bitaminak oso-osorik gordetzeko, bertze edari batzuek ez bezala. Saltoki handietan botatzen diren fruitu eta barazkiak aprobetxatzen dituzte. Neurrira egindako zukuak dira, eguneko momentuaren arabera hartzeko: asetzeko, aktibatzeko, atseden hartzeko...

Taldean lan egin, bidaiatu...

Aare Castilla TZBZ (Tazebaez) berrikuntza taldetik dator bere esperientzia azaltzera. «Orain dela urtebete graduatu nintzen. Atzera begiratzen badut, orain dela bost urte nahiko galduta nenbilen. Ez nekien ondo zer ikasi edo egin nahi nuen. Ikasle ona nintzen baina nekatuta nengoen beti berdina egiteaz eta Leinn aukeratu nuen ematen zuen esperientziagatik. Jende berria ezagutzeko, bidaiatzeko eta taldean lan egiteko aukera neukan eta pertsona bezala hori ondo etorriko zitzaidala ikusi nuen, lotsatia bainintzen». Hala erabaki zuen abentura hastea.

«Hasiera gogorra izan zen pixka bat. Taldean lanean hasi nintzen, uste nuen banekiela zer zen hori, baina ez nuen egiatan bizi izan. Jende berria ezagutzen hasi nintzen, lotsa kentzen eta esperientzia berriak bizitzen. Bide horretan Visual Thinking erreminta ezagutzeko zortea izan nuen. Honekin irudi bidez transformatzen ditugu hitzak eta hala komunikatzen dugu. Nire pasioa aurkitu nuen».

Poliki-poliki bezero berriak ezagutzen eta produktu horrek zentzua zeukan ala ez ikusten joan ziren eta bi urteren buruan lau lagunen artean enpresa bat sortzea erabaki zuten. «Unibertsitateko prozesutik at, zerbait ezberdina egin nahi genuen komunikazio arloan. TZBZ berrikuntza taldea sortu genuen. 25 bazkide eta hamar kolaboratzaile edo langileko kooperatiba gara. Gauza asko egin ditugu. Euskal Herrian eta kanpoan ere baditugu proiektuak, mundura zabaldu nahi dugulako, zer eta nola egiten dugun ezagutu dezan. Bide horren beste mugarri bat bezala gure lehenengo produktua sortzen ari gara, Polimaker-a, Plastilina 2.0 deitzen dioguna. Gureak enpresarekin elkarlanean ari gara hori aurrera eramateko», kontatu du.

Bi gazte ekintzaileen artean, gustura dago Mondragon Unibertsitateko Enpresaritza Fakultateko dekanoa, Lander Beloki. Tabakalerara deitu dituzte hedabideak Leinn graduarekin lortu dituzten emaitza onak partekatzeko. Gradua sortzeko ideia autokritika batetik etorri zen. «Ekintzailetasunean gure eragina hobetu genezakeela ikusten genuen duela 10-15 urte. Unibertsitatean egiten ari garena egiten segituz lortuko dugu gazteek ekintzaile kultura handiagoa edukitzea, enpresa berriak sortzeko gai izatea eta benetan eragitea?». Galdera hori egin zioten beren buruari.

«Ordura arte historia azaltzen genuen, zein ekintzaile zeuden, zer sortu zuten, baina ezagutza horrek ez du bat zuzenean ekintzaile bihurtzen. Horretarako gaitasun eta konpetentzia batzuk behar dira, izaera bat, eta hori landu egin behar da. Gure asmoa horretan eragitea izan zen». Finlandia erreferentziatzat hartuta, taldean lan egitea, lidergoa, komunikazio gaitasuna, ikuspegi globala eta halako elementu batzuk kontuan hartuta jarri zuten martxan Leinn gradua.

2009an eman zituen lehendabiziko pausoak Irungo campusean eta handik Oñati, Bilbo, Madril, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza, Queretaro eta Shanghaira hedatu zen ekinez eta taldean ikasteko metodologia.

 

75 lagun enpresa berrietan zuzenean lanean

Mondragon Unibertsitateko ordezkariek jakinarazi dutenez, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua (Leinn) munduan barna hedatu da unibertsitate honek Europa, Amerika eta Asian dituen berrikuntzarako hamar laborategien bidez. Horietako zortzitan garatzen da Leinn. Lau promozioetako 150 graduatuek 14 enpresa sortu dituzte proiektu ekintzaile berriekin eta horietan 75 lagun enplegatu dira zuzenean. Mondragon Team Academy ekintzaileen komunitatea 983 pertsonak osatzen dute. Hauek 75 kooperatiba jarri dituzte martxan, gradua ikasteko ezinbesteko tresna gisa.

Graduan ikasleek eurek zehazten dute ikaskuntza ibilbidea, zalantzak argitzen laguntzen dien entrenatzaile batekin (lehengo irakaslea). Aurreneko egunetik benetako enpresa bat sortu behar dute, benetako bezero, produktu eta zerbitzuekin, eta fakturazio jakin bat izan behar du gainditzeko. Gainera, bidaiak egiten dituzte Txina, India, Finlandia eta Silicon Valleyra, han zer gertatzen den ikusi eta beren proiektuak bertan garatzeko. M. I.