Zezen aldarrikatzailea

Badira egun batzuk Santa Polako (Alacant, Pais Valencia) Osborne zezenaren “azalak” beltz izateari utzi ziola eta Pablo Picassoren “Gernika” margolanaren zati baten itxura hartu zuela. Sam3 murtziarra da grafitiaren egilea, Facebooken duen profilean argitaratutakoaren arabera: «Gerraren munstroa 1937an geratu zen irudikatuta eta ‘Gernika’ du izenetako bat, errugabe eta armagabeak dauden tokietan bazkatzea atsegin du. Koldarren tauromakia. Gurtza #picasso-ri».

Salinaseko naturgunean dago zezena eta, pintaketaren berri jakin zenetik, bisitari franko hurbildu da argazkiak egitera. Komunikabideetan ere izan du nahikoa oihartzunik.

Herrian eztabaida piztu du Sam3ren ekintzak: batzuek artelana dela esaten dute, besteek bandalismoa. Udalak, bere aldetik, zezena bere horretan uztearen aldeko borondatea agertu du, nahiz eta onartu duen erabakia ez dela berea, Osborne Taldearena baizik (berregite lanen gastuak, jakina, edari enpresak hartu beharko lituzke bere gain). Momentuz, zezena “Gernika”-ren margoa soinean duela utziko duela adierazi du, «Udalak egindako eskariari eta kale artistaren sonari kasu eginez».