GARA
BILBO

Pertsona ezagunen babesa GEDen Bilboko hitzorduari

Ekainaren 10eko ekimenean jada izena emana duten ia 200 lagunen zerrenda eman zuen atzo ezagutzera Gure Esku Dagok. Bi aste barru Bilbon egonen dira, askotariko gizarte esparruetatik iritsita.

“Prest Eguna” deitu du Gure Esku Dagok asteburu honetan, datorren ekainaren 10eko Bilboko mobilizazio erraldoirako motorrak pizteko intentzioarekin. Atzo eta gaur artean hamaika mosaiko txiki osatuko dituzte beste hainbat hiri eta herritan, bi aste barru Bizkaiko hiriburuan osatu nahi duten galdera ikur erraldoiaren erreplika gisa. Atzo, gainera, ekainaren 10eko ekimenean jada izena emana duten ia 200 lagunen zerrenda ezagutzera eman zuten.

Talde anitza islatzen du zerrendak, pertsona ezagunak eta ekintzaile sozial eta politikoak uztartzen dituena. Besteak beste, Zuriñe Embid EAEko Finantza Politikako zuzendaria, Jone Goirizelaia EH Bilduko legebiltzarkidea edo LABeko idazkaritza nagusia utzi berri duen Ainhoa Etxaide daude zerrendan.

Elkarte, alderdi eta sindikatuetako kideekin batera, gizarteko esparru oso desberdinetako aurpegiak ere batzen ditu atzo argitara emandako zerrendak, literatura arlokoak –Katixa Agirre eta Lutxo Egia kasu–, kirol mundukoak –Ibai Gomez–, musikariak –Kepa Junkera–, mundu akademikokoak –Yolanda Jubeto– edota aktibista politiko eta sozialak –Tasio Erkizia eta Ane Muguruza kasu–. Kazetaritza arlotik ere izen ugari agertzen dira zerrendan, besteak beste, Xabier Madariaga, Urtzi Urrutikoetxea, Xabier Lapitz eta Beñat Zarrabeitia.