Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Presorik gabeko Euskal Herri baten alde mugitzeko eskatu die EH Bilduk instituzioei

Bakearen eta askatasunaren aldeko apustua berretsi dute beste behin EH Bilduko hautetsiek. Jada hainbat pauso eman dituztela eta beste hainbeste emateko borondatea dutela azaldu ostean, prestutasun hori «alde guztietatik» etorri behar dela azpimarratu dute. Hala, preso eta iheslarien egoera konpontzeko eskatu diote Estatu espainolari.

EH Bilduko hautetsiak Donostiako Miramar jauregian elkartu ziren atzo bakearen eta askatasunaren aldeko adierazpen bat adostu eta zabaltzeko. Eneka Maiz Etxarriko alkatea eta Julen Arzuaga legebiltzarkidea izan ziren koalizioaren ideiak islatzearen arduradunak.

Hala, beste behin azpimarratu zuten «gatazka politiko oro bide baketsu eta demokratikoetatik konpondu behar dela», hori baita Euskal Herriko biztanleen borondatea. Norabide horretan aurkeztu zuten duela hilabete batzuk “Bakerako euskal konponbidea” dokumentua, zeinek lau ardatz zituen: biktimen memoria eta erreparazioa, preso edo ihesean dauden pertsonen egoera konpontzea, euskal lurraldearen desmilitarizazioa eta ETAren armagabetzea.

Beste aldetik pausoak

«ETAren armagabetzearekin harremana duten ekintzak bete egin dira», esan zuten, eta EH Bilduren aldetik gatazkaren konponbidean pausoak emateko borondatea badela ziurtatu zuten. Baina «alde guztien borondatea» beharrezkoa dela ere azpimarratu zuten. Izan ere, «Aieteko Adierazpenetik Espainiako Gobernuaren jarrera ez da aldatu, ezta ETAk bere burua armagabetu berri duen honetan ere». Horren erakusle, Espainiako Gobernuak uko egin dio «presoak etxeratzeko bide ordenatu eta progresibo bati».

Horregatik, Estatuak duen jarrera salatu zuten, eta azpimarratu zuten beharrezkoa dela presoek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak konpontzea, «gaixo daudenetatik hasita». Zentzu horretan «salbuespeneko legeria» bertan behera uztea eskatu zuten hautetsiek, dispertsioarekin amaituz eta preso gaixoak, adinekoak zein zigorraren bi herenak beteta dituztenak kaleratuz.