Andoni ARABAOLAZA
EGITASMOA

Xabier Ormazabal,«elurretako lehoinabarra»oroitzeko beka sortu dute

Heldu den larunbatean, Urretxuko Udalak haren oroimenez eta gazteen artean mendizaletasuna bultzatzeko beka bat aurkeztuko du. Egunean zehar, gainera, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

“Euskal elurretako lehoinabarraren”, hots, Xabier Ormazabalen garrak piztuta jarraitzen du. Eta orain, gainera, indar gehiago hartu du; izan ere, datorren larunbatean Urretxuko Udalak haren izena eramango duen bekaren berri emango du.

Argi eta garbi dago Ormazabalen ibilbide labur bezain oparoak arrastoa utzi duela. 2004. urtean, urriaren 13an tontorra egin eta gero Cho Oyutik jaisten ari zela zendu zen gazte urretxuarra. 23 urte zituen. Bere bigarren zortzimilakoa zen; lehena, bi aste lehenago sinatua, Shisha Pangma izan zen.

Inolako zalantzarik gabe, oso gaztea bazen ere Ormazabalek euskal mendizaletasunaren historian pasarte bat idazteko aukera izan zuen. 2002. eta 2004. urteen artean, hiru espediziotan, urretxuarrak “Elurretako lehoinabarra” xedea osatu zuen. Hots, Sobietar Batasuna izandakoan dauden bost zazpimilakoak. Hori egiten, gainera, lehen euskal mendizalea izan zen.

Orain, haren jaioterriko udalak Ormazabal zenaren oroitzapena bizirik mantentzeko eta mendian bere ibilbidea eredutzat bultzatzeko beka baterako deialdia egin du.

Gazteak helburu

Egitasmoaren berri datorren larunbatean emango dute; hain zuzen ere, Labeaga aretoan, 21.00etan.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, gazteen artean mendizaletasuna bultzatzeko beka izango da; izan ere, 1993. urtetik aurrera jaiotakoak izango dira onuradunak: «Aurkeztuko ditugun oinarrien helburua honakoa da: mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta originaltasunezko proiektuak bultzatzea. Eta adar ezberdinak jaso ditzakete: eskalada, alpinismoa, liburuak edo gida edizioak, ikus-entzunezko edizioak, materialen hobetzea...». Oinarrien zein bekaren informazio guztia honako helbidean jaso daiteke: www.urretxu.eus.

Bestalde, aurkezpen eguna borobiltzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Lizeoko jolastokian, 10.30etik 14.00etara, haur eta gazteentzat eskalada herrikoia izango da. Ormazabal eta Jon Maroto mendizaleen irudiak Sebas Velascok eta Josu Marotok zuzenean margotuko dituzte. Puzgarriak eta marrazketa tailerrak ere egongo dira.

Arratsaldeko 18.00etatik 20.00etara, berriz, Deba eta Urola bailaren arteko eskalada desafioa izango da. Eta bekaren aurkezpenaren amaieran, Gorka Karapetok eta Alex Txikonek ikus-entzunezko bana eskainiko dute.