Asier AIESTARAN
PILOTA

Amestutako erregulartasuna

Oinatzen bolada apartak aurrera jarraitzen du eta enpresek sortu duten rankingean ere bere isla izan du.

Oinatz Bengoetxea izan zen, nola ez, asteleheneko protagonista nagusia pilota arloan. Leitzarrak Buruz Buruko txapela jantzi zuen igandean Bilbon, sari hori aurreneko aldiz irabazi eta bederatzi urte beranduago. Hala ere, azken garaipen honek aspaldiko loriak berritu baino azken urtean daraman bolada bikaina luzatu egiten du.

Igandeko garaipenarekin, txapelketa nagusiei dagokienez, denboraldi ia ezin hobea biribildu du Oinatzek, Lau eta Erdiko txapela jantzi ostean eta Binakako finalera sekulako jokoarekin heldu ondoren. Are gehiago, bi urte luzeko zikloa ere aipa daiteke, 2015ean Binakakoa irabazi zuelako, Buruz Burukoan finalerako sailkatuta zegoelako –finalerdietan txapeldun izango zen Urrutikoetxeari irabazita– eta beste lehiaketetan finalerdietan sartu delako.

Kirolari orok amesten duen erregulartasuna, azken batean, eta berriki pilota enpresek martxan ipini duten rankingean ere bere isla izan duena. Izan ere, azken txapelari esker, Bengoetxeak mila puntu batu ditu eta lehen postuan kokatu da 2.590ekin. Irribarriak 600 lortu ditu bere bigarren postuari esker, eta bigarren dago 2.060 punturekin. Bi horien atzetik datoz Beñat Rezusta (1.700), Aimar Olaizola (1.130), Mikel Urrutikoetxea (1.110), Jokin Altuna (910) eta Mikel Larunbe (790).

Beasainen aldaketak

Datozen asteetarako kartelerari dagokionez, Asegarcek hainbat xehetasun eman zituen ekainaren 10ean Beasaingo Antzizar pilotalekuan jokatuko den jaialdira begira. Deigarriena Lau eta Erdiko San Fermin Torneoan egin duten aldaketari dagokio. Izan ere, hasiera batean Oinatz Bengoetxea Iñaki Artolaren aurka jokatzekoa zen arren, azkenean Aimar Olaizola izango da alegiarraren aurka jokatuko duena, eta Bengoetxea koska bat gorago sartuko da lehiaketan.

Bestetik, iaz martxan ipini zuten afizionatuentzako II ETB-EPEL Torneoaren aurreneko zertzeladak ere ezagutzera eman zituzten. Beasainen bertan jokatuko da bigarren finalerdia, Alberdi-Eskiroz eta Peio Etxeberria-Garmendia bikoteen artean, eta irabazleak ez du atseden hartzeko denbora askorik izango, finala egun bat beranduago jokatuko baita, igandean, Logroñoko Adarraga pilotalekuan.

Herriarteko Txapelketak

Badoaz aurrera apurka-apurka herrialde desberdinetako Herriarteko Txapelketak. Gipuzkoan, esaterako, final-laurdenak asteburu honetan gelditu dira erabakita eta kanporaketak hauexek dira: Azpeitia/Azkoitia, Astigarraga/Oiartzun, Hernani/Zizurkil eta Oñati/Ataun. Final-zortzirenetako kanporaketa lehiatuenetakoak Ataun eta Lazkaoren eta Altzo eta Zizurkilen artekoa izan ziren –tanteoagatik erabaki ziren–.

Bizkaian final-laurdenetako joaneko partidak jokatu dira jada, eta emozioa ziurtatuta dago, inork ez baitu 3-0 irabazi. Markina-Xemein 2-1 aurreratu da Zornotzaren aurka, Ortuella ere aurretik da Dimaren aurkakoan, Usansolok abantaila hartu du Bermeoren kontra, eta Zeanuri ere 2-1 jarri da Sestaoren aurka.

Nafarroan, jardunaldi bakarra falta da final-laurdenetako ligaxkak amaitzeko, eta datorren asteburuan geratuko dira erabakita finalerdiak. Oraingoz, lehen multzoan Esteribar eta Doneztebe dira ongien kokatuta daudenak, eta bigarrenean, Iruñea eta Lizarra. Azken jardunaldiko neurketak Leitza/Ultzama, Doneztebe/Zizur, Burlata/Arbizu, Atarrabia/Iruñea eta Lizarra/Larraun dira, eta Esteribarrek atseden du lehen multzoan.

Araban, azkenik, Amurriok eta Zigoitiak jarraitzen dute beren multzoetako lidergoan, nahiz eta biek sufritu duten asteburuan. Amurriok 1-2 irabazi zuen Agurainen eta Zigoitiak ere berdin Artziniegan. Hiru aste soilik falta dira finalerako.