Haritz LARRAÑAGA
URRUÑA

Diru bilketa, hegaztiak hiltzeari uko egin zioten abeltzainak sostengatzeko

Hegazti gripearen koarentena amaituta, Gabadi, Domintxaine eta Barkoxeko hazleak analisiak egitera behartu dituzte, kabalak sano daudela frogatzeko. Gastuei aurre egiteko diru bilketa solidarioa abiatu dute.

Hegazti gripearen afera dela eta, Ipar Euskal Herriko eskualde batzuetan indarrean zen koarentena egoera igandean amaitu zen. Hala ere, egoera «aldrebesa» dela salatu dute laborariek; izan ere, Estatuak ezarri bezala abeltzainek beren hegaztiak hil balituzte diru-laguntzak jasoko lituzkete, baina agindua bete ez zutenez, kabalak osasuntsu direla frogatzeko 20.000 euroko kostua duten analisiak egitera behartu dituzte.

Laborariak kexu dira ere, legeak hazle handiak eta txikiak maila berean jartzen dituelako. Hau da, irizpide berberak erabiltzen dira guztientzat eta prezioa ere berbera izaten da. Hortaz, Laborantza Ministerioak agindutako azterketak egiteak kostu bera du milaka animalia dituen enpresa batentzat edo etxalde txiki bateko hazlearentzat, zeren analisiak egiteko eskatzen duten kabala kopurua beti berdina da.

Sostengu deialdia

Joan den apirilean herritarrak mobilizatu egin ziren eta horri esker lortu zuten hiru etxaldeetako oilo eta ahateen hiltzea geldiaraztea, baina horren ostean zaintza sanitariopean jarri zituzten Gabadi, Domintxaine eta Barkoxeko hegaztiak. Ondorioz, ezarritako neurrien artean, birologia eta serologia azterketak egiteko agindua jaso zuten hiru etxaldeetako abeltzainek.

Animalien hiltzea ekiditeko mobilizatu ziren modu berean, diruz laguntzeko sostengu deia egin du ELB (Euskal Herriko Laborarien Batasuna) sindikatuak; izan ere «hazleei beren kabuz ordain ezin dezaketen diru kopurua eskatzen zaie eta Estatu frantsesak ez ditu gastuak bere gain hartzen».

ELB sindikatuak mobilizatzen jarraitzeko asmoa du eta oinarrizko arazoa sistema industrialak duen lan egiteko moduan dagoela ohartarazi du, zeren «etxalde txikietan kutsatzeko arriskua txikiagoa da, zirkuitu itxia delako eta hegaztiak genetikoki indartsuagoak dira».