Maite UBIRIA

GARAPEN IRAUNKORRAREN ERRONKA ELKARREKIN LANDUZ HENDAIAN

Garapen Iraunkorraren Astea eginen dute, hirugarren urtez, Hendaian. Herriko elkarteen laguntzaz, egitarau zabala prestatu dute. Euskal Itsasbazterraren Interpretazio Zentroko kide Alistair Brockbank-ek ekimenaren xede nagusiak aletu dizkio GARAri.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) onarturiko Agenda 2030 oinarri hartuta, garapen iraunkorraren aldeko ekimenak antolatzen dituzte egun hauetan Europako herrialde eta hiri askotan. Hendaian, Herriko Etxea eta Euskal Itsasbazterraren Interpretazio Zentroa (IEZI) elkarlanean aritu dira, hirugarrenez, programa antolatzeko. Izan ere, Garapen Iraunkorraren Astea gauzatzeko, «urte osoan zehar, bakoitzak bere eremuan, bestelako gizarte eredu baten alde lan egiten duten elkarte eta herritarren ekarpena ezinbestekoa» dela azaldu dio GARAri Alistair Brockbank, euskal erlaitzean egoitza duen zentroko kideak. Partaidetza zabal hori «askatasun eta errespetu maila oso handiarekin jokatuz» lortu dutela gaineratu du, «aste honen xede nagusia urte osoan zehar egiten diren dinamikak begi-bistan jartzea delako».

NBEren Agenda 2030ek garapen jasangarria bultzatzeko 17 erronka zehaztu zituen. Helburu horien artean hauek nabarmentzen dira: muturreko pobrezia desagertzea, osasuna eta hezkuntza zabaltzea, lan duinaren garapena, bakea eta justizia sustatzea eta gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna bultzatzeko beharra. Bide batez, NBEk hainbat xede finkatu zituen klima aldaketaren ondorioak ekiditeko, ildo beretik lur zein itsasoen baliabideak babesteko ezinbesteko proposamenak eginez.

Brockbankek azaldu duenez, «garapen iraunkorraren kontzeptua hiru ardatz nagusiren gainean deklinatzen dute Nazio Batuek, ardatz ekonomikoa, soziala eta ingurumenarena estuki lotzen dituztelarik».

Abiapuntu integral horretatik, gaur hasita eta ekainaren 5a bitartean, hitzaldi, atelier, erakusketa eta bisiten bitartez «jendea naturaren inguruan sentsibilizatzeaz gain, erronka horiekiko herritarren engaiamendua areagotzen» ahaleginduko dira Garapen Iraunkorraren Asteko antolatzaileak.

Bihartik ostegunera, Recycl'Art elkarteko kideek Joncaux-Intzura auzoko eskolaz kanpoko jarduerak baliatuz eginiko sorkuntzak ikusgai izanen dira Herriko Etxean. Gaur eta bihar, itsas kiroletan erabilitako arropak berrerabiltzeko atelierra eginen du elkarteak, Tribord saltokiaren ondoko plazan. Bestalde, Orio auzoan baratze kolektikoa kudeatzen duten herritarrentzat konpost-ontzia sortuko dute Recycl'Art-eko lagunek.

Erlaitzetan igaroko dira asteazkenean antolaturiko hitzordu nagusiak. Badira zenbait urte Abbadia Eremuak hegaztien gaineko ikerketa sustatzeko hegaztiei eraztuna jartzeko ekimena egiten duela. Eremuko kontserbadore batek, ornitologo baten laguntzaz, hegaztiei jarraitzeko erabiltzen den sistemaren funtzionamendua azalduko du. Bestalde, argazkigintzaren zaleek aukera paregabea dute erlaitzeko larreetan ibiltzeko, naturalista batek eta argazkilari batek lagundurik. «Astean zehar, bereziki erlaitzetan eta itsas eta ibai hegietan antolaturiko ekimenetan helburu dibulgatiboa eta aisiaren plazera elkartzen saiatu gara», azaldu du Alistair Brocbankek.

Bidasoko ibai-bazterrean

Ostegunean, esaterako, bizikleta baliaturik Bidasoaren ezker hegian barrena Erdarlatsarainoko ibilbidea proposatuko dute, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga-eremu horren historia, geografia eta jarduera ekonomikoak hobeto ezagutzeko. «Ibilbide horretan, paisaiaz gozatzen duten bitartean, ibaiaren energia produkzioa ezagutzeko parada izanen dute, energia berriztagarriek lurralde honetan aspalditik beren tokia izan dutela ohartaraziz».

Energiaren aurrezpena izanen da asteko xede nagusietako bat. Argindarraren faktura apaltzeko, bonbillen errendimendurako irizpideez mintzatuko dira, bihar, auzo-etxean. Bihar ere, Joncaux-Intzura auzoan Hendaiako herriak dituen atelierren teilatu gainean I-NER elkarteak ezarritako eguzki panelen instalakuntzaren inaugurazioa izanen da. Ildo beretik, energia trantsiziorako itunaren baitan proposaturiko ekimenen aurkezpena eginen dute.

Ostiralean, petrolioaren osteko mundua irudikatzen lagunduko digu Pierre Mauriaud geologoak. Larunbatean, berriz, IFREMeko Nathalie Caill-Milly zientzialariak klima aldaketari buruz herritarrek dituzten galderak erantzunen ditu, Asporotsttipin.

Larunbatean, Txingudi badian hainbat ekimen izanen dira, dela ekilore-olioz ibiltzen den itsasontzia erakusteko, dela itsas kiroletan praktika jasangarriak irakasteko.

Egun osoan zehar lorategien laugarren jaialdia izanen da, igandean, Laparkako bidean. Azkenik, astelehenean, basa-landare jangarriak ezagutzeko atelierrean parte hartuko duten lagunek «errezeta sorpresa» dastatzeko aukera izanen dute.

Alistair Brockbankek agur gisa adierazi duenez, «inportantea da elkartzea eta partekatzea, eztabaidatzea eta ulertzea denok elkarrekin ekinez gero ahal dugula, zergatik ez, gauzak aldatu».