GARA
GASTEIZ

Preso gaixoak hizpide, Sare eta Darponen lehen bileran

Eri diren presoak defenditzeko ardura bere gain hartzeko eskatu dio Sarek Lakuari, horiei osasun arreta eta tratu duina ematen zaiela bermatzeko, besteak beste. Bilera «positibotzat» jo zuen plataformak.

Sareko ordezkariak Jon Darpon Osasun sailburu eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariarekin bildu ziren atzo, Gasteizen, preso gaixoen egoeraz mintzatzeko. «Positibotzat» jo zuten bileran, egoeraren gaineko kezka jakinarazi zioten Darponi eta, presoei dagokienez, gizarteak eta Lakuak berak ardura bere gain hartzeko garrantziaz mintzatu zitzaien Sare, zehazki, zein ezinbestekoa den osasun arreta eta tratu duina bermatzea, gaur-gaurkoz ez baitira baldintzok ematen, elkartearen iritziz.

«Larriki gaixorik dauden presoek beren inguru afektibotik hurbil artatuak izan behar dute eta, kasu batzuetan, kartzelatik kanpo; izan ere, profesional zein ikerketa ugarik baieztatzen dute tratamendu duina ez dela bateragarria espetxearekin». Sarek gaineratu zuenez, Lakuako Gobernuak du tratamendu hori «duina» izateko ardura eta, horretarako, ohartarazi zutenez, presoak gerturatzea ezinbestekoa da.

Inaxio Oiarzabal Sareko ordezkariak Efe agentziari adierazi zionez, Gasteizko Gobernuak giza eskubideekiko konpromisoa berretsi zion Sareri, eta baieztatu zion auzian lanean ari direla «publikoak ez diren bideetatik».

Sareren arabera, hamabi dira gaur egun larriki gaixorik dauden euskal presoak. Horietatik bakarra dago Euskal Herriko espetxe batean.