GARA
IRUÑEA

Tafallako azken lan istripu hilgarria gaitzetsi du gehiengo sindikalak

Joan den astelehenean Tafallan lan istripuz hildako garraiolariaren senide eta lagunei doluminak eta elkartasuna adierazi zizkieten aurrena ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGTko ordezkariek atzo, nafar Gobernuko Obra Publiko, Garraio eta Komunikazio Sailaren aurrean egindako elkarretaratzean. Sortzez Badalonakoa zen eta Donezteben bizi zen Alejandro Gomis Vila. 46 urte zituen. Arazo mekaniko batengatik bidean geldituta zegoen bertze kamioi baten aurka jo eta ibilgailua iraulita hil zen, AP-15ean, Tafalla parean.

Sindikatuen gehiengoak bertze sektore aunitzetan bezala garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla salatu zuten. «Garraiolariek ez daukate gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, gehiengoa autonomoak baitira. Gainera, beren lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontuan hartzen». Hala, administrazioek bertze aldera begiratzen dutela gaitzetsi zuten. «Beren nahia garraio merkea lortzea da, edozein preziotan».

«Desregulazio basatia» ere aipatu zuten, eskubiderik ezarekin batera. «Lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lanegun luzeak eta atsedenik eza jasan behar dituzte. Askotan zama deskargatzera ere behartuak dira». Sindikatuek ohartarazi zutenez, horiek eta antzeko hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, bizitza arriskuan jarriz.