Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Etxarriko Elgart gazteluaren inguruko epaia uztailaren 13an plazaratuko da

Uztailaren 13an plazaratuko da Zuberoako Etxarri herriko Elgart jauregiaren salmenta baliogabetzen den edo ez erabakiko duen epaia. Lehen epaia izaki, salmentaren kontrako auzia ateratzen bada, erosleek helegitea sartzeko aukera izango dute, beraz, posible da bide judiziala oraindik luzatzea.

Atzokoan, jende andana bildu zen Baionako auzitegiaren atarian elkarte ultrakatoliko batek Etxarrin erositako eraikin publikoaren salmenta baliogabetu dezaten eskatzeko. Aldarri hori epaitegietara eraman duten Etxarri Kolektiboari eta Axuria Kooperatibari sostengua ere adierazi zieten.

Anne-Marie Mendiboure abokatuak salmenta baliogabetzea eskatzeko argudioak azaldu zituen, helburu jakin batekin, «AFMR formakuntza zentroa saltzeko hartu zen erabakia ezkutuan eta ilegalki hartu zela frogatzea». Izan ere, abokatuaren esanetan, hori lortuz gero, «automatikoki salmenta bertan behera geratuko litzateke, bestela salmenta ilegala bailitzateke».

Pasa den udan Etxarriko Landa Eremuko Hezkuntzarako Elkartea talde ultrakontserbadore batek erosi zuenetik, herritarrak kexu dira. «Etxe horrek badu formakuntza ibilbide bat, eta, orain, eraikina beste eginkizunetarako erabiliko duen elkarte bati saldu nahi zaio», salatu zuen Isabelle Marco Etxarri kolektiboko bozeramaileak.