GARA
BILBO

«Obabakoak», Bieitoren begietatik

Indartsu dator Arriagaren denboraldi berria, ekoizpen propioei dagokienez. Calixto Bieitok berak zuzendutako «Obabakoak» apustu berezia da. Horrez gain, antzokiak Carles Santosen ikuskizun bat ere taularatuko du, Johan Sebastian Bachen «Johannes-Passion» oratorio eszenaratua ere iragarri du eta Ainhoa Arteta protagonista duen eta Bersteini eskainia izango den «I hate music» kontzertua ere nabarmentzen dira programazio berrian.

Datorren denboraldian Arriagaren zigiluaz gauzatuko den muntaketa garrantzitsuena “Obabakoak” izango da. Atxagaren eleberriaren moldaketa Calixto Bieito Arriagako zuzendariak berak zuzenduko du. Euskaraz eta gaztelaniaz taularatuko da.

Literatur lanaren arnas poetikoa agertokira eramatea du Bieitok erronka nagusia. «Moldaketa libre honetan, pertsonaiak maitasunez, desioz, oroimenez, beldurrez eta zalantzaz betetako giza-paisaia gisa agertzen dira. Freud izena gure hiztegian ez zegoen haurtzaro urruneko mundu primitibo hartan gertatzen diren istorioak. Fantasiaz, bisioz, oroimenaren gaueko irudiez, gure izaeraren txoko ezkutuenetan ezkutatutako irudiez, osatutako unibertsoa. ‘Obabakoak’ konposizio poetiko, bisual eta fisikoa izango da eta animaliak gizakiekin nahastuko dira, eta basoak gure gorputz-adarrekin. Gesamtkunstwerk txiki bat», adierazi du zuzendariak.

Abenduaren 1ean eta 2an Carles Santos pianista, konpositore, margolari eta eskultorea izango da agertokiko protagonista Arriagak ekoitzitako lanean.

Martxoan Mireia Gabilondok “Hiru emakume-Tres mujeres” lana zuzenduko du, Arriaga antzokiaren beste ekoizpen bat, Sylvia Plath-en izen bereko lana erreferentziatzat duena. Arriagak oso ikuskizun berezia eskainiko du, denboraldiko apustu liriko nagusia izango den “Johannes-Passion” oratorio eszenaratua, Parisko Chatelet antzokiarekin batera ekoitzia. Calixto Bieitok zuzenduko du. Denboraldia amaitzeko, Arriagak berak produzitutako “I hate music” kontzertu-ikuskizun lirikoa hartuko du, Leonard Bersteinen figurari eskainia.

Antzerkia da datorren denboraldiko programazioan pisu nagusia hartuko duen generoa, programatutako hogei lan baino gehiagorekin. Aipamen berezia merezi du Marie de Jongh konpainia, Jokin Oregiren zuzendaritzapean, prestatzen ari den “Izar/Estrella” lanaren estreinaldiak.

Euskal Herrian egin den eta Arriagak jasoko duen beste antzerki estreinaldi bat “Dublindarrak” (Hildakoak) izango da, Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak euskaraz egindako bertsio librea.

Ttanttakak, berriz, “Giltzadun etxea-La casa de la llave” lana estreinatuko du euskaraz eta gaztelaniaz.

Halaber, Arriaga antzokiko arduradunek espainiar Estatuko hainbat sortzaile gonbidatu dituzte eta nazioarteko lanak ere ikusgai izango dira.

Blanca Portillo zuzendari bezala etorriko da Bilbora “El ángel exterminador” lanean, izen bereko filmaren, Buñuelen hoberenetako baten, antzerki ikuspegia emateko xedez.

Dantza arloan “Zalakain” Euskal Herrian sortutako ikuskizunen estreinaldi handien artean kokatzen da. Azaroaren 11n eszenaratuko da aurrenekoz dantza ikuskizun hau, antzerki ukituak ere badituena. Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen Argia konpainiaren lana Pio Barojaren “Zalacaín el aventurero” eleberrian oinarritzen da. Dantzariak eta musikariak Ander Lipusen eta Harkaitz Canoren eskutik joango dira, dramaturgia eta literatura uztartuz.

Euskal Herrian sortutako bigarren dantza-ikuskizuna Aukeran DK taldeak eskainiko du. Eta nazioarteko ikuskizunek ere izango dute tokia Arriagan.

Horrez gain, 2017-2018 denboraldiko Arriaga antzokiko programazioak oso ohikoa ez den generoa ere jasoko du: zirkua. Gainera, birritan egingo du, bi proposamen ikusgarrirekin.

Lehenengoa “La veritá” izango da, Daniele Finzi Pasca artista suitzarraren lana. Eta bigarrena indarrez, birtuosismoz eta poesiaz beteta dagoen “Opus” ikuskizuna, Circa konpainia australiarraren eskutik.

Eta musikari dagokionez, hitzordu berezia izango da Joaquin Achucarro piano-jotzaile bilbotarrarekin. Arriagara hurbilduko diren musikarien artean Euskal Barrokensemble, Oreka Tx, Jorge Drexler, Pasion Vega,

Musikeneko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak Luigi Cherubiniren (1760-1842) lau ahotseko abesbatza mistorako eta orkestrarako “Réquiem” aurkeztuko dute eta “Metropolis” filmaren proiekzioa ere jasoko duen kontzertu berezia azpimarratu dute antzokiko ordezkariek. Arriagaren eta BOS-Bilbao Orkestra Sinfonikoaren lankidetza da.

2017an Claudio Monteverdiren jaiotzaren 450. urteurrena bete denez, antzokiak, bere madrigalei buruzko zikloa eskaini dio urteko lehen seihilekoan, euren ikuspegiak eman dituzten hainbat artista protagonista izan dituena eta lau ikuskizunek osatutakoa. Datorren denboraldian, urtea amaitu aurretik, beste bi ikuskizun eskainiko dira, Arriaga antzokiak ekoitziak. Lehenengoak Horman Posterrek, Matxalen de Pedrok eta Igor de Quadrak osatzen duten kolektiboaren proposamena aurkeztuko du.

Zikloari amaiera emango dion ikuskizuna mundu osoko operaren tenplu onenetako batzuetan lan egin duen Gerard Jones zuzendari britainiarraren proposamen artistikoa da.

Sarrerak uztailaren 7tik aurrera eskuratu daitezke www.teatroarriaga.eus helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.