2017/06/18

Erreportajea
 
HEGAZTI GRIPEA, HAZKUNDE EREDUAREN KALTEETAKO BAT

Estatu frantsesean H5N8 birusaren zabalkundea ekiditeko neurriak ezartzen hasi ziren unean kritiko agertu zen ELB sindikatua. Denborak horien tesia zuzena zela frogatu du: «Arazoaren muina sistema industrialean dago, hegazti gripea elikatzen baitu».

HaritzLARRAÑAGA
0618_eko_gripeaa

Iazko abenduan argitaratu zuen ELB sindikatuak egoeraren diagnosia. Urte bateko balantzea egitean, «osasun zerbitzuek ezarritako neurriak hutsalak» zirela ondorioztatu zuten; izan ere, sindikatuaren ustez, «arazoa ez dira birusa desagerrarazteko ezarri behar diren arau prebentiboak, arazoa eredua bera da, produkzio masiboak berak elikatzen baitu birusa».

Laborarien sindikatua kexu zen enpresa txiki zein erraldoientzat neurri berberak ezartzen direlako, eta arrisku handiena hegaztiak garraiatu behar direnean dagoela azpimarratzen zuten. «Enpresa txikietan zirkuitua itxia da, ez da hegaztirik sartu edo irteten eta genetikoki indartsuagoak dira. Aldiz, enpresa handietan, jaiotzen diren unetik hiltzen dituzten arte lau edo bost bider mugitzen dituzte lekuz; hor sortzen da kutsatzeko arrisku handiena».

Sasoi berean, Jean-Michel Berho-k, Kriaxera arrazako ahate autoktonoarekin lan egiten duen ganaduzaleak, beren abereak arriskuan jarri nahi ez dituzten interesatu nagusiak abeltzainak beraiek direla zioen, eta horregatik, hazle bakoitza, ohiko protokoloetatik harago, ahalik eta neurri eraginkorrenak erabiltzen saiatzen dela.

Jada abenduan Berhok iragarri zuen, bere ustez, hiru arazo nagusiak zeintzuk ziren, eta sei hilabete igarota bete-betean asmatu zuela esan daiteke: «Hegazti pilaketa masiboa eremu txikietan, abeletxe industrialetako hegaztien izaera genetiko ahula, eta, batez ere, horiek garraiatzeko modua, birusaren zabalkundea ahalbidetzen baitu».

 

Intsumisioa

Agintariekin hitz egin ostean, ez zuten aldaketarik aurreikusten hegazti hazleek eta, ezarri behar zituzten neurriak «ulergaitzak» zirela iritzita, ELBk pauso bat ematea erabaki zuen. «Ez dugu esaten agindutakoari jaramon egin behar ez zaionik, baina neurriak ez betetzeagatik laborariren bat zigortzen badute sindikatuaren babesa izango du eta defentsa kolektiborako deia egingo dugu», abisatu zuen Sainte-Marie sindikalistak.

Lehen intsumisio ekintza Gabadi, Domintxaine eta Barkoxen izan zen, joan den apirilean. Ez zen Ipar Euskal Herriko abeletxe batean prebentzio moduan hegaztiak hil behar zituzten lehen aldia, baina ordura arte soilik enpresa handietan egin ziren hiltzeak.

Ez zen hegazti gripea zuen oilo edo usorik, baina eskualde berean den enpresa handi bateko kutsadura zantzuen ondorioz jaso zuten beren abereak hiltzeko agindua. Horren aurrean, ELB sindikatuak deituta, abeltzainari babesa ematera jende andana gerturatu zen eta Osasun Zerbitzuetako kideek, poliziaz lagunduta gerturatu baziren ere, ezin izan zuten beren helburua bete.

Diagnosia berretsi eta indarrak batu

Bigarren intsumisio ekintza iragan asteazkenean gauzatu zen Bidaxunen eta hegaztien hiltzea ekiditeaz gain, laborarien sindikatuak abenduan egin zuen diagnosia zuzena zela frogatzeko balio izan zuen, afera honek hegazti gripearen arazoak biltzen dituen osagai guztiak baitzituen.

Lataillade familiaren etxaldean euskal arrazako Kriaxera eta Landetako Rouen arrazako ahateak hazten dituzte, zirkuitu itxian, baina handik gertu hiltegi batera daraman errepidea pasatzen da eta, itxura guztien arabera, gertutasun horren ondorioz Bidaxuneko ahateak H5N8 birusarekin kontaktuan izan dira, baina ez dira kutsatu. Hortaz, ELB sindikatuko kideek aipatzen zituzten hipotesiak bete dira. Etxalde txikietan hazten diren animaliak indartsuagoak direla egiaztatu da eta arazo handiena garraiatzeko moduan dagoela ere agerian geratu da.

Bidaxunen ez zen polizia agertu ere egin eta debeku guztien gainetik ahatekumeak saldu ahal izan ziren, baina arazoak oraindik hor jarraitzen du eta laborarien sindikatuak aurrera begira hiru ardatz ditu. Batetik, ados dira analisiak egin behar direla baina, beren ustez, gastuak Estatuak ordaindu behar ditu. Bigarren frontea erantzun kolektiboari dagokiona da, eta abeltzainak babesteko mobilizatzen jarraituko dute.

Azkenik, FNSEA laborari sindikatuari dei egiten diote borroka honetan indarrak batzeko; izan ere, sindikatu honetako kide gehienak enpresa handietan aritzen dira lanean eta asko Estatutik jasotako diru laguntzekin konformatzen dira. ELB sindikatuaren ustez, ordea, «arazoa denona da eta guztion artean egin behar diogu aurre».

 

Kronologia

2004-2006

Hegazti gripea mundu osora hedatu zen.

2005Eko urria

Europako lehen hegazti gripe kasuak Ingalaterran eta Kroazian.

2006ko uztaila

Euskal Herriko lehen hegazti gripe kasua Salburuko (Araba) urmael batean.

2016ko urtarrilak 7

Gabadiko (Nafarroa Beherea) etxalde batean 10.000 oilo hil zituzten, kutsadura zantzuak topatu ostean.

2016ko Urtarrilak 18

Lau hilabetez luzatu zen koarentena egoera ezarri zuen prefeturak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan.

2017KO martxoak 2

Hegazti gripe kasu bat Mitikilen (Zuberoa).

2017KO apirilaK 09

«Huste sanitarioa» egin beharra zuten lekuen zerrenda argitaratu zen. Bertan Ipar Euskal Herriko 46 herri agertzen ziren.

2017KO apirilaK 27

Ipar Euskal Herriko hiru haztegitako hegaztiak hiltzea ekidin zuen ELBk.

2017KO ekainaK 14

Prefeturak debekatu arren, Bidaxuneko (Nafarroa Beherea) Eyhartzea etxaldeko ahatekumeak atera zituzten.