Maider IANTZI

DENETARIKO BORTZIRITARRAK, HUNKITUTA

NAFARROAKO TRIALSIN TXAPELDUNAK IREKI DU BERAN HAIN ERRANAHI BEREZIKO BOZKALEKUA, BIZIKLETAREN GAINEAN SALTOKA, ILUSIOZ BEGIRA ZITUEN BIZILAGUNEZ INGURATUTA. 16 URTEREKIN, AURRENEKOZ BOZKATU DU. 24 HERRITAKO BIZTANLEEK ERE LEHENBIZIKOZ IZAN DUTE AUKERA HERRIAZ ERABAKITZEKO ETA POZARREN EGIN DUTE.

Oier Mitxelena Nafarroako trialsin txapelduna izan da lau aldiz. 16 urterekin, palmares galanta ari da osatzen. Funbox Factory gazte taldeko kide da. Bestaz besta ibiltzen dira musika eta kirola uztartuz ikuskizunak eskaintzen. Gaur Berako Altzate kaleko bozkaleku berezi honetara egin du salto, aurrenekoz bozkatzeko, zer egin ongi jakin gabe. «Urduri» dago, eta batez ere kontent. Gure Esku Dagoren olatuaren parte diren bortziritar guztiak bezala.

Txalaparta doinuak aditzen dira. Igande goizeko bederatziak izan arren, jende mordoxka bildu da. Dantza alaian dabiltzala, Guardia Zibilaren Patrol bat aurrean gelditu da, baina inork ez du irririk galdu.

«Gaurko herri galdeketek esanahi berezia dute nafarrontzat. Nafarroa Garaiaren estatus politikoa zehaztu zenean, herritarrok ezin izan genuen zuzenean erabaki. Gaur, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera pasatu gara», adierazi dute Maria Irigoien eta Patxi Castillo Eman Bortzekoa elkarteko gazteek. Ate hori herritarrek ireki dute. Kontsulten prozesu orokorra aberastuz, galdera ezberdinak luzatu dituzte. Bi kontzeptu nagusi ageri dira denetan: nafartasuna eta burujabetasuna.

Ilusioa hitzetik hortzera dabil. «Hau pauso bat gehiago da erabakitze eskubidearen bidean. Ongi dago ohitura hartzea. Gure iritziek badute eragina; gure erabakiengatik mugitzen dira hainbat gauza. Horregatik bakarrik merezi du», adierazi du Josu Iratzoki Berako alkateak.

Jendea hurbiltzen ari da, giro onean eta eguraldi ederrarekin. Korpus eguna dela-eta iratzez eta lorez apainduta daude kaleak eta hortentsia artean dabiltza erabakitzen, tartean musikari esanguratsuak, Petti, Joseba Irazoki, Joseba Baleztena...

Lesakan, hemen ere lore artean, Matixa Oteiza Oninart enpresako langilea topatu dugu. Bortziri osoan zabaldu den E18 logotipoa berak diseinatu du. Ilusio handiz ari da antolaketa lanetan. Ahizpa ibili zen Argentinara joan aitzinetik eta haren lekukoa hartu du. «Herri guzia gaude pixka bat hunkituta –aitortu du–. Kanpoan egiten zela ikusten genuen, baina ez genuen espero hemen ere lortzea. Imajinatuko ez genukeen jendea ere parte hartzen ari da».

Jada eman du botoa, «sekulako ilusioz». «Uste dut ez garela oraindik hagitz kontziente hau gertatzen ari dela. Gogo handia dut hemendik zerbait ateratzeko eta jende pila batek parte hartzeko». Etxez etxe txirrina jo eta bizilagunei erabakitzeko aukera honen berri eman diete. Denengana iristen saiatu dira, eta, halere, badakite badela enteratu ez denik.

Hainbat belaunaldi batera

Pilota, txistulariak, pintxoak trikitia giroan, haur jokoak… Egitarau oparoa prestatu dute Lesakan. Etxalarren ez da horren beharrik, Haurren Eguna izanik jada segurtatua zegoelako animazioa. Frontoia txikiz beteta dago, denak nahiko txintxo aulkietan jarrita, ipuin kontalariari aditzen. Handik hurbil ireki dute hautetsontzia. Irati Lujuak kontatu digu hemen ere etxez etxe ibili direla eta guztiengana ailegatu direla.

Kantu afaria antolatu eta bideo bat grabatu zuten herriko eragileekin jendea animatzeko, eskualdeko bideoklipean parte hartzeaz gain. Ekintza horiei esker aunitzek bat egin dute eta talde polita sortu da, «abiatzea kosta zen arren».

Arantzari buruz zer erran. Parte hartze datuetan puntan dago. Jende pila bat batu da, klase guztietakoa, eta kontent daude antolatzaileak. Lehenbiziko botoa familia bereko hiru belaunaldik eman dute elkarrekin, Inaxi, Gabina eta Itxarok. Gero Iban Zugarramurdi Esne Beltzako bateria joleak bozkatu du hiru anaiekin, eta ondotik Antton Maiz pilotariak.

Kalejira, herri kirolak, dantzaldia, pilota... Denetarik izan dute eta bertan egin da Bortzirietako azken ekitaldia.

Igantzin ere pozarren daude. Bederatzietatik hurbildu da jendea, hasieran helduak batez ere eta gero gazteak. Arazo informatikoren bat izan dute baina konpondu dute. Goizean Guardia Zibila bueltaka ibili da hemen ere, baina ez da deus pasatu. Gaiteroak ibili dira karrikak alaitzen, baita kankailu eta buruhandiak ere, eta opil jatea egin dute trikitilariekin. Hala, bortzekoa eman diote bortz herriek elkarri.