2017/06/20

Maite UBIRIA BEAUMONT
Hautetsontziak itxita, erreformen gainekoa izango da orain lehia

Hautetsontziak itxi berri, etorkizunari buruzko erabakiak hartu beharko ditu orain garaileak. Horietarik batzuk berehala etorriko dira, Emmanuel Macronek eta François Bayrouk lortutako mozkinak banatu behar dituzte-eta. Besteak, arlo sozialari buruzko erreformak, udan zehar gorpuztu daitezke.

9.000 boto zuritik gora eta ia 4.000baliogabe zenbatu ziren igandeanIpar Euskal Herriko hautetsontzietan. Boto emaile ugarik muzin egin ziotentxarraren etatxarrenaren arteanhautu faltsua egiteari

Emmanuel Macron presidenteak garaipen handia eskuratu zuen joan den igandean. Agintari berriak Asanblea Nazionaleko 577 eserlekuetatik 350 inguru erdietsi zituen, bide batez aldaketa handiak eraginez Frantziako Legebiltzarrean. Lehen aldaketa ageri-agerikoa da: alderdi-bitasuna historia da jada, Les Republicainsek zein Alderdi Sozialistak beherakada handia pairatu baitzuten. Ondorioz, barne tirabirak kudeatzeko nahiko lan izanen dute etorkizun hurbilean azken hamarkadetan boterean txandakatu diren bi alderdiek.

Bigarren ondorioa ere argia da: Edouard Philippe eskuindarra buru duen Gobernuak igandeko emaitzen gainean irakurketa argia aterako du. Haien postua jokoan zuten sei ministrok diputatu akta lortu zuten hauteskunde legegileen bigarren itzulian. Behin azterketa hori gaindituta, Macronek iragarri zituen erreformak prestatzen hasteko tenorea iritsi da. Hitzari zor, gehiengo osoa eskuetan, gobernu berriak eskuak libre ditu kanpainan iragarritako egutegia martxan jartzeko.

Dagoeneko hauteskunde kanpainan bertan eman zituen gobernuak hainbat xehetasun zeresan handia emanen duen lan erreformari buruz. Hartara, besteak beste, negoziaketa kolektiboa alboratuta enpresaz enpresako hitzarmenen negoziazioa lehenestea aurreikusten duen erreformaren egutegia mahaigainean jarri zuen. Baita erabiliko duten lan moldea ere.

Ondoko bi hilabetetan hamarnaka bilera eginen ditu Gobernuak sindikatuen onespenaren bila. Alta, hemendik irailera bitartean adostasuna izan ala ez, gobernuak bere egitasmoa berehala borobiltzeko asmo irmoa du. Heldu den udazkenerako langileen eta enpresaburuen arteko harremana zeharo alda dezakeen erreforma abian jarri nahi du. Horretarako, lege-dekretua tresna gisa erabiltzeko prest da Macron. Lan molde hori erabiltzeko aukerak zeresana eman badu ere, hauteskunde legegileek utzitako agertokia aintzat hartuta, aurreikus daiteke Asanblea Nazionala ez dela gehiago oztopo izanen presidenteak aitzineratu nahi duen egitasmoa egikaritzeko.

Hauteskundeen kapitulua atzean utzi aitzin, badira oraindik zenbait eginkizun. Bourbon jauregian egoitza duen Asanblea Nazionalaren barne arauak baliatuko dituzte alderdiek lortutako emaitzei zuku guztia ateratzeko. Legebiltzarreko taldeei buruzko eztabaida hautetsontziak itxi bezain pronto hasi da. Macron eta bere aliatu François Bayrouk uzta zoragarria bildu badute ere, mozkinen banaketari eginen diote ondoko egunotan. Kanpainan Modem alderdiko hautagaiek LREMeko kapera distiratsua gogotsu erakutsi badute ere, behin diputatu akta lortuta, zenbakiak egiteko unea da. Zentristek badute aski diputatu talde propioa sortzeko. Hautu horrek ekar ditzakeen onura politiko zein ekonomikoak handiak izanik, erabaki garrantzitsuak hartu beharko dituzte hamarnaka diputatuk, tartean Florence Lasserre-David angeluarrak. Modemekin izandako harremanei esker lortu bazuen ere hautagai izendatua izatea, Vincent Bru kanboarrak ere ez du argitu zein taldetan izango den. Jean Lassallek, berriz, aurreratu du ez dela inongo taldetan sartuko. Jada horrela jokatu zuen azken legealdian ere hautetsi biarnesak, Modem utzi ostean artaldetik at gogotsu jardunez bere burua nekazaritzako eremuaren babesle soil gisa aurkeztuz. Herritarrek joera orokorraren aurka jo zutela bera hautatuz azaldu zuen igandean bertan Lassallek. Izan ere, bere barrutian zein beste bi eremuetan ere euskal herritarrek korrontearen aurkako hainbat hautu zehatz egin zituzten.

Abstentzio altua asko aipatu bada ere (abantzu %55ekoa hiru hauteskunde barrutiak aintzat harturik), boto zurien eta baliogabeen gorakada ere ez zen edonolakoa izan. Ipar Euskal Herrian 1.627 boto zuri bildu ziren lehen itzulian, alta, bigarrenean, 9.451 izan dira. 816 bototik 3.944ra jauzi egin zuten, aldiz, baliogabeek. Hauteskundeen ostean, beraz, Parisen zein Euskal Herrian bada bai zer gogoetatu.