GARA
BILBO

45 urteko langile bat hil da Mundakako itsasadarreko kolektorea egiteko lanetan

Saneamiento Sukarrieta aldi baterako enpresa elkarteko langilea zen eta asteartean bat-batean ondoezik sentitu zen. Ospitalera eraman ondoren zendu zen. LABek ustez, istripuaren atzean bero-kolpe bat dago.

Saneamiento Sukarrieta aldi baterako enpresa elkarteko langile bat hil zen asteartean. 45 urte zituen eta Mundakako itsasadarreko ezkerraldean kolektorea egiteko obretan lanean ari zela ondoezik sentitu eta ospitalera eraman ondoren zendu zen, URA Uraren Euskal Agentziak atzo jakinarazi zuenez.

Langilea obraren ingurua garbitzeko lanetan ari zen, 15.30ak aldera «bat-batean ondoezik sentitu zenean. Premiaz eraman zuten ospitalera, baina bertan hil egin zen».

Ezbeharraren harira, Saneamiento Sukarrieta aldi baterako enpresa elkartea eta Osalan Laneko Osasun eta Segurtasuneko Erakundea lanean ari dira langilearen heriotzaren arrazoiak argitzeko. URAk, bestalde, langilearen heriotza deitoratu du, familiari doluminak helarazi dizkio eta «prestutasun osoa» azaldu du «bere eskuetan dagoen guztian laguntzeko».

LABen ustez istripuaren atzean bero-kolpe bat dago. «Ez zen momenturik onena garbiketa lanetan aritzeko. Lan baldintzek lan istripuei eragin dietela esaten dugunean esan nahi dugu lan baldintzak guztiak direla, eta horren barruan tenperatura ere bai. Azken egunetan medio guztietatik gogorarazi digute alerta-egoeran gaudela (horia edo laranja), baina ez dute kontuan hartzen horrek ere bere eragina daukala laneko baldintzetan. Osalanek ez du ezer esan», salatu zuen.

ELA, LAB, Steilas, EHNE eta HIRUk elkarretaratzea egingo dute bihar, 11.00etan, Lakuak Bilbon duen egoitzaren aurrean.