2017/06/22

Joko molderik zaharrena pilotazaleari horren berria egin ez dakion

Iaz Euskal Herriko lehen txapelketa jokatu ostean, datorren urterako herrialde guztietako ordezkariakizango dituen lehia antolatzea da erronka. Bitartean, bote luzea jendartean zabaltzea da lehentasuna.

Jon ORMAZABAL
0617_kir_boteluze1

Euskal imajinario kolektiboan, erraz irudika ditzakegu gure arbasoak pilotan jokatzen. Kontua da, atzera mende eta erdi baino zertxobait gehiago egingo bagenu, gure aurrekoek jokatzen zituzten joko moldeek eta egungoek antz handirik ez dutela ikusiko genukeela. Pentsa, Euskal Herrian eraiki zen lehen ezker pareta 1877an eraiki zen, hau da, orain dela 140 urte eskas. Pilota joko zuzenak, ordea, askoz zaharragoak dira gure artean, eta gordetzen den dokumenturik zaharrena VI. mendekoa da, 583. urtekoa hain zuzen ere. Karlistaldien garaian, ordea, gainbeheran hasi ziren joko molde horiek, 1936ko Gerra Zibilaren ondoren ia desagertzeraino.

Horren guretzat dugun trikitiarekin gertatzen den antzera, joko zuzenek ere ez dute jatorria Euskal Herrian, erromatarrak izan baitziren moldeok Europa guztian zehar zabaldu zituztenak. Eta jendeak gogoz hartu zituen, XIX. mendera arte nagusi izan baitziren Euskal Herrian. Badira bost bat urte Oiartzungo Txost elkartean joko moldeok ahanzturatik erreskatatu zituztela, eta, poliki bada ere, gutxika arrotz izateari uzten ari dira.

Loading player...

Berreskuratze lan horretan aurrerapauso nabarmenak ematen ari dira. «Gero eta pilotari gehiago hasten dira bote luzean. Iaz Euskal Herriko Txapelketa jokatu zen lehen aldiz eta hiru herrialdetako sei talde aritu ziren. Aurten, ziurrenik, hamar talde arituko dira, sei herrialdetakoak. Oraindik ez da ezer ziurra, baina posible da oso Bizkaiak eta Zuberoak euren taldea izatea eta Araba soilik geratuko litzateke kanpoan. Aurten ahalegina Bizkaian egin dugu eta hurrengo urteko asmoa arabarrak animatzea litzateke, 2018an Euskal Herriko Txapelketan zazpi herrialdeetako ordezkariak egon daitezen», azaldu zigun Joxe Mari Mitxelena Txost taldeko ordezkariak.

Baina hori guztia oso garrantzitsua izanda, jokoa jendeari, pilotazaleari, gerturatzeak arduratzen ditu gehiago, eta horretan dihardute buru-belarri, ia astebururo erakustaldiak emanaz. Ekainaren 11koa berezia izan zen, Zumarragako Oleta lepoan, mendian, 837 metrotara, neurtu baitzituzten indarrak Hegoaldeko eta Iparraldeko taldeek, paraje ikusgarrian.

Bere ustea berresten duen dokumenturik ez dago, baina Mitxelena ziur da garai batean inguru hura pilota-soro bat izan zela. «Gainontzeko denek betetzen dituzten ezaugarriak ditu, tontor edo muino batean dagoen zabalgune bat da, bailara edo auzo desberdinak batzen dira bertan, eta, neurria ere egokia da, 60 bat metro luze. Ezaugarri denak betetzen ditu, nahiz eta guk egun horretan kantxa apur bat moztu genuen». Bere garaian, ohikoa zen mendira txondorrak egitera joatean, ikazkinek euren denbora librean pilotan aritzeko soro bat izatea.

Aralarren, 36 pilota-soro

Urrutiegira joan gabe, Aralar inguruan horrelako 36 pilota-soro daude dokumentatuta, eta, Oiartzunen bakarrik, beste 10, tartean plaza bera. Oiartzungo kasuan bitxia da nola lortu den mendiko pilota-soro horien berri izatea. Kontua da, gune horiek ez zirela pilotarako bakarrik, normala zela bertan jendea erromerian eta dantzan aritzea, eta nola ez, apustu handiak ere jokatzen ziren sorootan. Udalen eskuetatik kanpo geratzen ziren guneak ziren, eta bereziki zerga kontuak direla-eta, Oiartzunen plazan bakarrik baimendu zuten pilotan jokatzea. Debeku orrietan gune horiek erabat identifikatuta daudenez, ziurtasun osoa dute garai bateko pilota-soroak non zeuden zehazteko.

Jendearengana heltzeko oztopo nagusia jokoaren «zailtasuna» da. Hasiera batean, ikusle ezjakinak «tenisaren antzeko zerbait» bezala hartzen du, taldeak parez pare egoteaz gain, tantoak zenbatzeko modua ere (15, 30, 40...) bera baita. Tenisaren kopia? Kontuan izanda tenisa XX. mendekoa dela, argi dago, kopiatzekotan, nork hartu duen nor eredutzat. Joko zuzenean, ordea, ez dago sarerik erdian, eta “eskasa” edo erdiko marra gaindi dezakete jokalariek. Berezitasuna da hemen “xixa” izeneko irudizko lerroak daudela, joko baten barruan sakea duen taldea nor den alda dezaketenak; hala, esan liteke estrategia dela oinarri nagusia.

«Arauak ez dira errazak, baina orain 200 urte denek zekizkiten eta ez zegoen esplikaziorik eman beharrik. Egun, ikusleak gerturatzeaz gain, jokoa uler dezaten ere saiatu behar gara». Horretarako modurik onena, pilota-sorora gerturatzea.

OLETA


Zumarragako lepoan erakustaldia egin zuten ekainaren 11n, 837 metrotara kokatutako pilota-soroan. Aralarren horrelako 36 daude eta Oiartzunen 10.