Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Eric Baudelaire, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugan

Hitzek ematen diete zentzua irudiei eta irudiek laguntzen dute hitzen esanahia zehazten. Eric Baudelairek, aldiz, bakoitzari bere espazioa eman nahi dio, interesa disoziazio horretatik sortzen den ondorioan baitu jarria. Tabakaleran ezarri duen «Ramón Raquello eta bere orkestraren musika» erakusketan bi elementuok erabiliko ditu errealitatearen eta fikzioaren arteko muga arakatzeko, erasotzaile eta erasotakoez hitz egiteko, «ez diren» estatuez hausnartzeko.

Orson Wellesek “War of the Worlds” (Munduen arteko gerra) irratirako obra ezaguna zuzendu zuen 1938. urtean. Bertan, Ramon Raquello fikziozko orkestra zuzendariaren emanaldia etengabe eteten zuten estralurtarren balizko inbasio baten gaineko azken orduko albisteek. «Bazirudien benetako gertakariak kontatzen ari zela eta izan zen sinetsi zionik, benetan AEBak estralurtarren inbasio baten aurrean zeudela uste izan zuen jenderik. Ideia hori hartu dut oinarri gisa, kontatu nahi dudanaren testuingurua eraikitzeko», azaldu zuen atzo Eric Baudelaire artista bisualak, Donostiako Tabakaleran urriaren 15era bitartean ikusgai jarri duen “Ramón Raquello eta bere orkestraren musika” erakusketaren aurkezpenean.

Aipatu irratsaioan, Wellesek albiste faltsu horiek erabili zituen balizko etorkizuna irudikatu eta II. Mundu Gerraren atarian zeuden entzuleei gai politikoak helarazteko. Eta hori da, hain zuzen, Baudelaireren erakusketaren helburua: ikuslea mundu garaikidearekin eta pentsamenduari forma ematen dioten errealitate sozial eta politikoekin aurrez aurre jartzea.

Horretarako, irudiak eta hitzak baliatzen ditu Baudelairek, baina bakoitza bere aldetik; adibidez, erakusketaren lehen zatian prentsatik hartutako hainbat albisteren testua ematen du batetik, eta irudiak bestetik. Disoziazio honek irudia testuingururik gabe uzten du eta horrek eragiten du, Baudelaireren hitzetan, errealitatearen eta fikzioaren arteko banantze moduko bat.

Erakusketan zehar diapositibak, egunkarietako albisteak, ikus-entzunezkoak, argazkiak, diagramak eta bi film ere ikusi ahalko ditu bisitariak. Eta, hain zuzen, pelikula horiek dira erakusketaren bi zutoinak: “Also Known as Jihadi” (2017) eta “Letters to Max” (2014).

Lehenean, jihadista frantziar-aljeriar batek Siriara egindako joan-etorriko bidaia kontatzen du Baudelairek, eta jaiotzatik espetxeratzen duten arte protagonistak ezagutu dituen hainbat irudiren sekuentziak eta bizi izan zuen prozesu judizialaren transkripzioak tartekatzen ditu artista bisualak. Hemen ere, hitza eta irudia, biak bereizita ematen ditu. «Ez nuke esango pertsona baten erretratua denik, protagonistaz esaten digutena besterik ez baitakigu; pertsonarena baino, gizarte oso baten erretratua dela esango nuke», zehaztu zuen autoreak.

Abkhaziarako bulegoa

Bigarren filmarekin lotuta dago erakusketako elementurik bitxiena: aretoko zoko batean, Abkhaziako Kanpo Arazoetarako ministro ohi Maxim Gvinjia egongo da datorren ostiralera bitartean, propio eraikitako bulego batean eta bulego ordutegiz (12.00-14.00 eta 16.30-19.30), bertaratzen den orori bere herrialdearen gaineko xehetasunak emateko.

Abkhazia errepublika independente bihurtu zen 1992an, baina nazioarteko herrialde gehienek Georgiako lurraldetzat hartzen dute oraindik. Baudelaire 2013an hasi zen Gvinjiari gutunak idazten, iritsiko zitzaizkion ziurtasunik gabe, baina gutunak bidaltzeko arazoak Gvinjiak izan zituen eta, azkenean, audio-grabazioetan helarazi zizkion. Esperientzia horretatik sortu zen “Letters to Max”, grabazio horiek eta gerora Baudelairek herrialdera egindako bidaian hartutako irudiak lotzen dituen film esperimentala.

Herrialdeaz gehiago jakin nahi duenak, Gvinjiari galdetzeko aukera izateaz gain, hilaren 30ean Xabier Madariagarekin izango duen solasaldira joatea dauka. Aretoan, 19.00etan.