Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Karmengo jaiei betiko tasak aplikatzeko eskatu diote Lakuari

Donostiako Karmengo jaiek ezin diete Lakuak eskatzen dizkien 15.000 euroei aurre egin. Tasak baino, erabilitako lurzoruaren azalera handitu die, faktura garestituz. Udalak egoera zuzentzeko asmoa agertu die bileran; astelehenean bilduko dira Lakuarekin.

Lakuak kobratu nahi dituen tasa garestiak direla-eta, Donostiako Karmengo jaien batzordeak duen egoera zailaz ohartarazi du azken egunotan: 2015. urtera arte 800 eta 1.000 euro inguruko zergak ordaintzen ziren, okupatutako lur eremua eta jaiegun kopurua aintzat hartuta. Iaz, ordea, gauzak aldatu egin ziren, ez tasen kopuruari dagokionez, kontuan hartzen zen lurzoruaren eremuari zegokionez baizik. Hala, 200 metro koadro beharrean, 4.000 kobratu nahi izan zizkieten. Ezin zuten faktura beren gain hartu: 15.000 euro. Ez zuten ordaindu eta kontu korrontea enbargatu zieten, baita jarritako fidantza ere. 11.000 euro inguru guztira. Aurten gauza bera gertatu da.

Jai batzordeak batzar irekia izan zuen atzo kaian eta, GARAri azaldu ziotenez, bilera izan zuten Udalarekin ostegunean. Jarrera ona eta laguntzeko asmoa sumatu zuten erakundearen aldetik. «2015era arte ordaintzen genituen tasak arrazoizkoak direla jakinarazi genien, eta irizpide horiekin jarraituz gero, jakina ordaintzeko prest gaudela», adierazi zuen Amaia Balerdi jai batzordeko kideak. Alegia, txosnak eta agertokiak hartzen duten eremua neurtu eta ordaintzea, diru iturri diren eremuak soilik, eta ez beste ezer. «Horri dagozkion tasak ordaindu ahal izateko akordioa adosteko prest gaude». Bileran parte hartu zuten udal ordezkariek ere gehiegizkotzat jo zituzten, antza, eskatzen diren diru kopuruak. «Adostasunera iritsi ahal izateko Eusko Jaurlaritzarekin hitz egingo dutela esan ziguten», azaldu zuen Alberdik. Gasteizko exekutiboarekin, berriz, datorren astelehen goizean dute bilera.

Auzo berezia

Karmengo jai batzordearenganako diskriminazioa dagoela diote bertakoek, beste auzoetako batzordeek ez baitituzte halako baldintza gogorrak; izan ere, Lakuak ditu kaiko eremuaren gaineko eskumenak, eta ez Udalak, gainerako auzoetan bezala.

«Oso argi esan nahi dugu iaz arte ez diogula inoiz uko egin ordaintzeari. Egoera konpondu ezean jaiak desagertuko dira; sinplea da: ezin dugu asumitu, jaietan lortzen dugun dirua jaiak antolatzen inbertitzen dugu-eta». Eskaera argia da: mantendu dadila 2015era arte erabilitako neurtzeko modua, eta festak hasten diren unetik neur dadila eremuaren ustiapena, hau da, muntaketa eta desmuntaketa egunak kobratu gabe.

Udalak ere eskaerak egin dizkiete, bereziki zarata eta ordutegiarekin lotuta. Hori ere mahai gainean dago eta aukerak aztertu egingo dira.

Denbora kontra dutela diote batzordekoek, ia bi asteren bueltan hasiko baitira portuko jaiak, eta Lakuari baimenak eskatzeko epea asteartean amaitzen da. Egun gutxi dira tasen arazoari konponbidea eman eta Udalarekin beste akordio batzuk definitzeko, baina jaiak egin egingo direla ziurtatu dute.