GARA
GETXO

7.448 babes Getxon, azaroaren 5ean kontsulta egiteko

Galdeketa egiteko prozesuarekin jarraitzeko Getxoko biztanleriaren %5aren babesa behar zuten. Bada, zifra bikoiztea lortu dute, 7.448 lagunek egin baitute bat galdeketarekin. Azaroaren 5ean izango da, eta, orain, galdera adosteko prozesua abiatu dute. Hala, «neutraltasunetik abiatuta», nork bere jarrera adierazteko espazioak sortuko ditu batzorde sustatzaileak. «Irabazi» eta «galdu» kontzeptuak alde batera utzita, «gihar soziala» indartzea da helburua.

Herritarren %5aren babesa behar zuten Getxon galdeketa prozesuarekin aurrera egiteko, baina %11koa lortu dute azkenean, beharrezko gutxieneko sostengua bikoiztuz. Pozik daude batutako sinadurekin: 7.448 zehazki. Aurreratu dutenez, datorren azaroaren 5ean egingo dute kontsulta. Algortan egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta, Getxoko galdeketako batzorde sustatzailearekin batera, 200 lagun inguru ere batu ziren hartutako konpromisoa berresteko.

Iragan apirilaren 10ean jarri zen abian atzo amaitu zen galdeketa egiteko ekimenaren lehen fasea. «Ahotsak bildu nahi izan ditugu, ekimena talde txiki baten proposamena izatetik makina bat herritarren nahia izatera igaro zedin», adierazi zuten sustatzaileek. Prozesua bera «bizikidetza ariketa eredugarria» izan dela erantsi zuten, «ezberdinen arteko zubilana, gizarte kohesionatuago batekin amets» egiten duten lagunek egina.

Gihar soziala indartzea

Erabakitzeko eskubidearen aldeko «gihar soziala» handitzeko asmoz, “irabazi” edo “galdu” kontzeptuak alde batera utzi dituzte. Horrez gain, hiru erabaki hartu ditu batzorde sustatzaileak. Lehenik eta behin, Getxoko herritarrek parte hartzeko dinamika bat antolatuko dute irailerako, non kontsultako galdera adostuko den.

Halaber, Getxoko eragileak deitu dituzte «modu demokratikoan, errespetuzkoan eta konprometituan» parte har dezaten herritarren dinamika honetan. Horretarako, batzorde sustatzaileak, «neutraltasunetik abiatuta, esku hartzeko eta nork bere jarrera adierazteko espazioak eta aukerak artikulatuko ditu», nabarmendu zuten.

Hirugarren eta azken erabakia, bildutako 7.448 sinadurak aintzat hartuta, kontsulta bera azaroaren 5ean egiteko konpromisoa da.

Batzordeak, era berean, bere gain hartu du kontsultaren alderdi teknikoak adostu eta antolatzeko konpromisoa. Eta, Euskal Herriko beste toki batzuetan bezala, Getxon ere Gure Esku Dagok egindako protokoloa hartu dute gidari.