Jon GARMENDIA
Idazlea

Irabazteko uda

Tren geltokiko nasan aurrera eta atzera dabil jendea, etortzen ari dira batzuk, eta joaten bestetzuk, baina, denak, presaka ageri dira. Kresala bezala dira oporrak, sentitu orduko arrastorik sumatzen ez den zerbait. Beharbada, irauten duten bitartean gozatzean datza gakoa, bizitzaren egunerokotasunean bezala, baina ohartzeko bigarren bizitza bat behar dugula erranen nuke. Maleta gurpildun horia daraman gizonari amaren gonapetik behatu dio oraino 5 uda bete ez dituen neskatilak, baina 15 beteta dauzkan neskatoaren parean gelditu da gizona, zigarreta hautsontzian itzali, eta masailetan musu eman dio amultsu. Raymond eta Cécile etorri zaizkit gogora, Françoise Saganek idatzitako “Bonjour tristesse” nobelako aita eta alaba. Elsa, aitaren ohaidea irudikatu dut, opor sasoiaren atzerako kontua egiten. Arduradunen ordez errudunak bilatzeko joera dudalako seguruenik. Eta badakit idatzi gabeko nobela bat dela uda bakoitza, hautsitako harremanen tintarekin idazten dela batzuena, hasi gabe daudenekin besteena, oro har, eguzkipean dastatutako edariarekin gehienena. Beroaldi berri bat heldu da gure bizitzara, baina zalantza dut ez ote gauden epel samar gu, aurrera eta atzera, galduta bezala.